Nafarroa NEAR proiektuaren buru da; horren bitartez, Europako eskualdeen artean ezagutzaren transferentzia sustatzen du, pertsona ardatz duten gizarte-zerbitzuen esparruan

NEAR proiektuaren helburu nagusia da esperientziak trukatzea eta jardunbide egokiak identifikatzea, pertsona ardatz duten arretan oinarritutako gizarte-eredu komunitarioak garatzeko. Irauten dituen 36 hilabeteetan zehar, NEARek eskualde arteko ikaskuntza-prozesu bat sustatzen du, Europako bost herrialdetako sei erakunde kide biltzen dituena. Guzti-guztiek gizarte-ongizateko sistemak hobetzeko konpromisoa partekatzen dute, ikuspegi pertsonalizatuago, enpatikoago eta pertsona bakoitzaren errealitateetara egokituago baten bidez.

Nafarroako Europako ordezkaritzaren agendan, proiektuko profesionalen hirugarren truke honetan, hainbat tailer eta bisita teknikotan parte hartzea sartzen da, Foru Komunitateak gizarte-berrikuntzan garatutako esperientzia nabarmenetako batzuk erakusteko.

Programaren mugarrietako bat ikuspegi dialogikoari buruzko tailerra izan da (asteartean egin da, maiatzak 13, Nafarroako Merkataritza Ganberan). Metodologia horrek gizartean esku hartzeko modu berri bat planteatzen du, entzute aktiboan, pertsonek aldaketa-prozesuetan zuzenean parte hartzean eta elkarrizketa partekatuaren bidez konponbideak sortzean oinarritua. Erabiltzaileak ahalduntzea du helburu, eraldaketa-prozesuaren protagonista bihur daitezen.

Asteazkenean, maiatzak 14, ordezkariak San José Desgaitasunari Arreta Emateko Zentro Integralera joan ziren, SER Programa (Sentsorialtasuna, Topaketa eta Erregulazioa) gertutik ezagutzeko. Esperientzia aitzindaria da Nafarroan, Snoezelen ikuspegian oinarritua. Jatorri nederlandarra duen metodologia horrek zentzumen-estimuluak eta segurtasun emozionaleko giroak konbinatzen ditu, desgaitasuna duten pertsonen ongizatea eta laguntza-premia konplexuak hobetzeko. Hori ezartzearen bidez, atxikimenduan eta konfiantzan oinarritutako laguntza-modu berriak gara daitezke, pertsona ardatz duen ikuspegia indartuz.

Agenda ostegunean akituko da, maiatzak 15, IRIS gunea bisitatu ondotik, Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Zentroa. Bertan, ordezkariek zuzenean ezagutzen ahalko dituzte esku-hartze sozialari aplikatutako teknologiaren arloko proiektu aurreratuenetako batzuk. Horien artean, nabarmentzekoa da adimen artifizialari buruzko saio bat, laguntza pertsonalizatura zuzendua, bai eta “Motion Composer” lantegiaren erakustaldia ere. Sistema elkarreragile horrek gorputz-mugimendua musika bihurtzen du 3D teknologiaren bidez, komunikazio- eta adierazpen-bide berriak irekiz dibertsitate funtzionala duten pertsonei.

Informazio gehiago