Hidrogeno Sareen Operadoreen Europako Sarearen (ENNOH) estatutu-dokumentuei buruzko irizpena argitaratu du Europako Batzordeak. Elkarte independente hori hidrogenoa garraiatzeko sareen etorkizuneko operadoreen Europar Batasuneko ordezkaria da. Urrats garrantzitsua da ENNOH sortzeko prozesuan.
2024ko ekainean indarrean sartu zen hidrogenoaren merkatuko deskarbonizazio paketeak Europar Batasuneko hidrogenoa garraiatzeko sareen operadoreen elkarte independente berri bat sortzea eskatzen du; ENNOH, hain zuzen. Europako Batzordearen dokumentu berriak etorkizuneko sare europarraren estatutuen proiektuari, barne araudiari eta kideen zerrendari buruzko irizpena jasotzen du.
Ondorioetan, Europako Batzordeak azpimarratzen du operadoreek lehenbailehen hasi behar dutela lankidetzan ENNOHren bitartez, eta, aldi berean, Europar Batasuneko legeriarekin bat datorren esparru bat bermatu behar dela. Ondorio berak azaleratu zituen Energia Erregulatzaileen Lankidetzarako Agentziaren (ACER) aurreko irizpenak ere.
Orain, hidrogenoa garraiatzeko sareen etorkizuneko operadoreei dagokie azken erregelamenduak onartu eta, 2025eko uztaila hasieran, argitaratzea, Europako Batzordearen eta ACERen irizpenak kontuan hartuta.