Gaurko aldebiko goi bileran, Europar Batasunak eta Erresuma Batuak beren harremanaren kapitulu berri bati ekin diote anbizio handiko akordioen inguruko zenbait erabakirekin; Kanalaren bi ertzetan oparotasuna sustatuko dute eta lehentasun erkideetarako lankidetza sendotuko dute erabakiok.
Adostu dituzten akordioen artean segurtasun eta defentsa elkarte bat sortzearena dago, bi alderdiek eremu horretan elkarrekiko dituzten anbizioen seinale, gaur egungo egoera geopolitikoa ikusita.
Zehazki, elkarte horri esker, Erresuma Batuak baterako kontratazio publikoko ekintzetan parte hartzen ahalko du, SAFE instrumentuaren esparruan. Europako Batzordeak 150.000 milioi eurora arte bilduko ditu, SAFEren esparruan, Europar Batasuneko estatuei baterako kontratazio publikoko proiektuetan inbertitzen laguntzeko. Segurtasun eta defentsa arloetako elkarteak –Erresuma Batuarekin sinatu dena kasu– dituzten herrialdeek baterako kontratazio publikoetan parte hartzen ahalko dute Europar Batasuneko herrialdeekin batera, eta horrek aliatuen elkarreragingarritasuna bermatu eta kostuak murrizten lagunduko du.
Elkarte horrek beste akordio baterako atea ere ireki die Erresuma Batuko enpresei; horri esker, Europar Batasuneko herrialdeekin baterako erosketetan parte hartzeko aukera izanen dute.
Era berean, Europar Batasuna eta Erresuma Batua ados jarri dira beste alderdi ekonomiko batzuetan, Kanalaren bi ertzetako oparotasuna bultzatu eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko.
Arrantzaleentzako elkarrekiko sarbidea adostu dute bi alderdiek 2038ra arte, hartara arrantza komunitate eta enpresen egonkortasuna eta aurreikusgarritasuna bermatuta. Produktu siderurgikoen merkataritza muga zergarik gabe mantentzea adostu dute ere.
Energia eta klimaren eremuan, Erresuma Batuak Europar Batasuneko merkatu elektrikoan parte hartzeko akordio bat bilatuko dute bi bazkideek. Halaber, isurien merkataritza sistema biak elkarri lotzeko ahaleginak eginen dituzte. Horrek, era berean, bi alderdien Karbono Isurien Mugako Doikuntza Mekanismoen elkarrekiko salbuespenak ekartzea gerta liteke.
Azkenik, alde bietako liderren goi bilerak aurrerantzean urtean behin eginen direla iragarri dute, eta Europar Batasuneko goi ordezkaria eta Erresuma Batuko kanpo arazoetako eta defentsako idazkariak sei hilez behin bilduko dira atzerriko auzien eta interes erkideko segurtasun gaien inguruko kontsultak egiteko.