Antolatutako ekitaldi nagusiak: zinema, AAri buruzko kongresu bat eta eremu urriko hizkuntzen sarearen topaketa bat,

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak bat egin du maiatzaren 9ean ospatuko den Europaren Egunarekin, eta EBren lehentasunekin lotutako jarduera programa bat antolatu du. Jarduerak maiatzaren 5etik 11ra eginen dira, astean zehar. Europako zinema, adimen artifizialari buruzko kongresu bat edo Eremu Urriko Hizkuntzak Sustatzeko Europako Sareari harrera egitea nabarmentzen dira Nafarroan Europako Asterako proposatutako ekitaldien artean.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bultzadarekin eta koordinazioarekin, jardueren IV. edizio honetako programak bateragarri egiten ditu Europar Batasunaren gaiarekin zuzenean lotutako ekitaldiak eta beste azterketa- eta dibulgazio-ekitaldi batzuk. Lehenengo kasuan, nabarmentzekoa da Nafarroak Eskualdeetako Lantaldeko Ingurumen, Klima Aldaketa eta Energia Batzordean parte hartu zuela hilaren 5ean, Bruselan, edo Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) eta Europako Itun Berdeari buruzko jardunaldi bat egin zela EVENAren instalazioetan, Erriberrin, hilaren 7an. Gainera, larunbatean, hilak 10, Nafarroak stand propioa izanen du Europako Eskualdeen Batzordean, ate irekien egunean, eta bertaratzen direnek Nafarroako Jatorri Deiturako ardoak eta nekazaritzako beste elikagai batzuk dastatzeko aukera izanen dute.

Ekitaldi nabarmenetako bat Adimen Artifizialari buruzko Kongresua da, hilaren 6an Baluarten egitekoa dena. Hainbat ikuspuntutatik, jardunaldiak AAren Europako eredua eta ezagutzaren iraultza horrek gizartearentzat dituen onurak izanen ditu ardatz.

Era berean, nabarmentzekoa da Nafarroako Gobernuak harrera egin diola, Euskarabidearen bitartez, Hizkuntza Aniztasunerako Europako Sareari. Sare horrek estatu edo eskualdeetan hizkuntza koofizialak dituzten Europako eta estatuetako hizkuntza ofizialak biltzen ditu, baita babes maila txikiagoa duten beste batzuk ere.

2025eko egitarauak jarraipena ematen dio  Europako Zinema Garaikidearen Zikloaren  programazioari. Aurten, Tafalla eta Altsasu proiekzioetako baten egoitzak izanen dira, Iruñeaz gain. Zehazki, lau izenburu programatu dira: Irakasleen Gela, Kimera, Erorketa baten anatomia eta Emilia Pérez.

Nafarroak Europa zabaltzen du

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak aurreko urteetako leloari heldu dio berriro:  “Europa sor dadila kantoi guztietan”, herritarren artean Europar Batasuneko kide izatearen sentimendua sortzeko.

Publizitate jarduera hori Kanpo Ekintzako Planaren 1. ildoaren barruan dago, eta Nafarroako Gobernuak maiatzean Europaren Eguna dela eta (maiatzaren 9a) onartzea espero duen 2025-2028 II. Planean ere jasota dago. “Nafarroa Europan” ardatzak Nafarroako herritarrengan europartasun sentimendua sustatzea aurreikusten du, Europan Nafarroa gehiago eta Nafarroan Europa gehiago lortzeko.