200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute ekonomia zirkularrerako trantsizio industrialaren erronkei buruzko topaketa profesionalean, European Circular Innovation Valley proiektu europarraren esparruan.

Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak itxi zuen, joan den ostiralean, “Enpresen zirkulartasunaren erronkak” jardunaldia. Bertan, Nafarroa eskualde buru duen European Circular Innovation Valley (ECIV) proiektu europarraren garapena izan zen aztergai.

Nafarroaren Garapen Sozietatea SArekin batera antolatu zen topaketa horren helburua izan zen Nafarroako enpresa ehunak ekonomia zirkularreko ereduak ezartzeko aurkitzen dituen oztopo eta aukerak identifikatzea, bai eta lurraldeko eragile estrategikoen artean lankidetza sustatzea ere. Horretarako, enpresek, Nagrifood eta Functional Print klusterrek, zentro teknologikoek eta elkarte sektorialek (Nafarroako Industria Elkartea edo AIN kasu) elkarrekin lan egin zuten erronka zehatzetarako ibilbide orrien definizioan.

Ildo horretatik, Irujo kontseilariak azaldu zuen Nafarroan merkatu hobiak badirela eta ekonomia zirkularrak hobi horiekin guztiekin zerikusia duela.  “Nafarroan, hiru instalazio ditugu aerosorgailuen osagaiak birziklatzeko, Cortesen, Zangozan eta Faltzesen; laster egonen dira aktibo”. Mugikortasun elektrikorantz aldatzeko beharra ere azpimarratu zuen, zirkulartasunean laguntzeko eta ehun industrial osoaren aurrerapena eta baterako partaidetza sustatzeko.

Bere aldetik, Energiako, Enpresen I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak, Garbiñe Basterrak, ekonomia zirkularreko berrikuntza proiektuak bultzatzeko Administrazioak kudeatuko duen laguntza finantzarioa nabarmendu zuen. Laguntza horiek 2025eko abenduan eta 2026ko urrian eginen diren bi deialdiren bitartez banatuko dira. “Horrekin lortu nahi duguna da proiektu horien berrikuntza teknologikoaren heldutasuna areagotu eta TRL6 egoeratik azken TRL8 egoerara igaro daitezen. Hartara, soluzio horiek ezartzeko edo merkatu hobi berrietara sartzeko aukera emanen dieten ziurtagiriak lortzeko proba eta erakustaldiak egiten ahalko dituzte”.

Informazio gehiago