Equipo Europako gazteekin egindako topaketa batean, Europako eskualdeek ekonomiaren eta gizarte- eta lurralde-kohesioaren arloko erronken aurrean duten zeregina nabarmendu du
María Chivite Navascués Nafarroako lehendakariak “proiektu europarraren” garrantzia azpimarratu du, eta “Europa bateratua, baketsua, solidarioa eta bidezkoa” aldarrikatu du, “proiektu ekonomikoa izateaz gain proiektu soziala, herritartasunekoa, aukerakoa, topaketakoa eta bizikidetzakoa ere badena”.
Horixe adierazi du Chivite lehendakariak gaur, maiatzak 9, Europaren Eguna dela-eta egindako ekitaldien esparruan, Equipo Europako gazteekin Nafarroako Jauregian izan duen bileran. Chivitek, taldeko kideen aurrean, Europar Batasunaren sortze-helburuak eta -balioak azaldu ditu, eta nabarmendu du garrantzitsua dela “herritarrendako hezkuntza eta eskualdeen espazioa azpimarratzea, Europako proiektuaren parte aktibo eta eraikitzailea izateko”.
Bere hitzaldian, Chivite lehendakariak gogora ekarri ditu Europak gaur egun aurre egin behar dien erronkak, hala nola “gerraren zentzugabekeria eta demokraziaren printzipioen inboluzioa eta demokraziaren oinarriak murriztea dakarten korronteak”. Horri dagokionez, lehendakariak azpimarratu du garrantzitsua dela “eskualdeek Europako politiketan duten zeregina indartzea, eskualdeko ikuspegia kontuan har dadin erabakietan, kogobernantza estrategikoa ezarriz”.
Lehendakariak, gainera, Nafarroako Gobernuak “Europa eraikitzeko proiektuaren garrantzia Nafarroako gizarte osoari transmititzeko” egiten duen lana azpimarratu nahi izan du, horrela “Europar Batasunak bakerako, askatasunerako eta demokraziarako lurraldea izaten jarrai dezan. Baita oparotasunerako eta ongizaterako lurraldea ere. Eskubide eta askatasunen gune bat, demokraziaren eta herritarren zerbitzura”.