Europako Batzordeak Horizon Europe ekimenaren 2025eko lan programa definitu du, eta 7.300 milioi euro bideratuko ditu Europar Batasunean ikerketa eta berrikuntza indartzeko, betiere trantsizio ekologiko eta digitalak azkartzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko xedez. Lehenengo proposamen deialdiak, Bauhaus Europar Berriaren ekimena tartean dela, pasa den maiatzaren 15ean (osteguna) ireki ziren.
2025eko lan programaren esparru barruan, Horizon Europe ekimenak teknologiak, proiektu berdeak eta garapen jasangarria finantzatuko ditu; horrek karbono isuriak murriztu eta kostu energetikoa beheratzeko balioko du horrek. Horrela, 663 milioi eurotik gora inbertituko dira Europako bost misioetan.
2050erako Europa klimatikoki neutroa den lehen kontinentea izatea lortzeko, Horizon Europe ekimenaren finantzaketaren % 35 klima helburuetarantz bideratuko da. Zehazki, 2025eko lan programak aurrekontuaren % 8,8 biodibertsitateari esleitu dio, eta % 35 klimaren aldeko ekintzari. Horrek esan nahi du 1.140 milioi euro banatu dituela klimarekin, energiarekin eta garraioarekin lotutako proiektuetarako, eta 833 milioi euro elikadura, bioekonomia, baliabide natural, nekazaritza eta ingurumen arloetarako.