Europako Batzordea EBren kohesio politika berrikusten ari da, honako hauetan hobeki laguntzeko: lehiakortasuna eta deskarbonizazioa, defentsa eta segurtasuna, ekialdeko mugako eskualdeak, etxebizitza eskuragarria, erresilientzia hidrikoa eta Batasuneko trantsizio energetikoa.
Ekimen horren helburua kohesio politikaren eraginkortasuna handitzea da, estatu kideak eta eskualdeak Europako lehentasun estrategikoetan inbertitzera bultzatuz eta, aldi berean, kohesio politikak ekonomia, gizarte eta lurralde desberdintasunak murrizteko ezartzen duen garrantzia mantenduz. Estatu kideei 2021-2027 aldirako kohesio funtsen zati bat birprogramatzeko gonbita eginen zaie, inbertsio berrietan erabiltzeko, kohesio politikaren tarteko berrikuspenaren testuinguruan.
Europaren lehiakortasuna indartzea eta berrikuntza-arrakala betetzea
Enpresek duten zeregina kontuan hartuta —haien tamaina edozein dela ere—, ikerketaren, berrikuntzaren, ezagutzaren eta teknologia transferentziaren ibilbidea gidatzeko, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren laguntza enpresa handietara zabaltzea proposatu du Europako Batzordeak, eremu kritikoetan laguntzeko, hala nola defentsan, teknologia estrategikoetan eta deskarbonizazioan. Gainera, Batzordeak estatu kideak teknologia estrategikoetan inbertsio gehiago egitera animatu ditu Europarako Teknologia Estrategikoen Plataformaren esparruan, Europako lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzeko.
Defentsarako industriari eta ekialdeko mugako eskualdeei laguntzea
Gaurko proposamenari esker, estatu kideek egungo kohesio finantzaketa erabiltzen ahalko dute mugikortasun militarra sustatzeko asmoz azpiegitura erresilienteak eraikitzeko. Halaber, EBko eskualde guztietako defentsaren sektoreko enpresa txiki eta handien ekoizpen gaitasunak lagunduko ditu.
Gainera, Errusiak Ukrainaren aurka hasitako eraso-gerrak neurriz kanpo eragindako ekialdeko mugako eskualdeetako kohesio programek lehentasunezko aurrefinantzaketa izanen dute, baldin eta funts guztien % 15 gutxienez lehentasun estrategiko berrietarako erabiltzen badute.
Etxebizitza eskuragarriagoa
Presidentearen orientabide politikoekin bat etorriz, Europako Batzordeak etxebizitza eskuragarrira bideratutako kohesio politikaren finantzaketaren zenbatekoa bikoiztea proposatu du. Estatu kideek finantzaketa pribatua eta publikoa mobilizatzen ahalko dute, Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) batera sortutako finantza tresna berria erabiliz. Tresnak kohesio finantzaketa konbinatuko du EIBren eta nazioarteko beste finantza erakunde batzuen baliabideekin, bai eta estatuetako merkataritza eta sustapen bankuen baliabideekin ere.
Trantsizio energetikoa laguntzea
Kohesio funtsek energia interkonektoreak eta lotutako garraio sistemak sustatzeko inbertsioak lagunduko dituzte, bai eta karga azpiegiturak ezartzea ere. Hori funtsezkoa izanen da trantsizio energetikoa bizkortzeko eta mugikortasun garbia sustatzeko. Proposamenak deskarbonizazio neurrien finantzaketa ere sustatuko du.