Ekimenak 5,2 milioi euro izanen ditu, eta Europako 6 herrialdetako 16 erakundek hartuko dute parte horretan
Nafarroa Europako proiektu baten buru da. Proiektuak 5,2 milioi euroko zuzkidura du, eta haren helburua da ospitaleetako eta osasun inguruneetako hondakin uren tratamendua araztea. Diziplina anitzeko talde bat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Mikrobiologia Zerbitzuko (HUN) eta Navarrabiomed Ikerketa Zentroko profesionalek osatua, Europako 6 herrialde hauetako 16 entitate inplikatzen dituen irtenbide bat garatzen ari da: Estonia, Polonia, Herbehereak, Belgika, Grezia eta Espainia.
Proiektu horrek THERESA PCP du izena, eta Europako Batzordeak 5.287.206 euroko finantzaketa eman dio. Proiektuak teknologia espezifiko bat bilatzen du ospitaleetako hondakin urak in situ tratatzeko, berrikuntzako erosketa publikoa izeneko kontratazio publikoko prozeduraren bidez. Laburbilduz, azaldu behar da berrikuntzako erosketa publikoa kontratazio publikoko modalitate bat dela, eta horren bidez sektore pribatuko enpresak bultzatzen direla irtenbide teknologiko edo berritzaile bat bila dezaten irtenbide ezagunik ez duen premia baterako.
“THERESA PCP” proiektua Europako Batzordearen “One health” (osasun bakarra) ekimenaren barruan kokatzen da. Ekimen horren helburua da pertsonen, animalien eta ekosistemen osasuna orekatzea eta optimizatzea. Zehazki, proiektuak ingurumen osasuna eta biodibertsitatea zaintzen ditu, eta osasungintzako hondakinek sortzen ahal duten inpaktua minimizatzen eta murrizten lan egiten du, horiek behar bezala kudeatuz eta tratatuz.