Urtero, Europako milioika kontsumitzailek online merkatariengana jotzen dute bigarren eskuko ondasunak erosteko, hala nola arropa, ekipo elektronikoak eta jostailuak.
Europako legediak zehaztutakoaren arabera, bigarren eskuko ondasunak erostean kontsumitzaileek eskubidea dute produktu baten inguruan beste edozein ondasun erostean adina berme eta informazio izateko, baita haien eskubideei eta ondasuna saldu dieten merkatariari buruzkoa informazioa izateko ere.
EBk konpromisoa hartu du merkatarien merkataritza-jardunbideek kontsumitzaileak ez nahasarazteko eta batasuneko legedia, kontsumitzaileak babestekoa, aplikatuko dela bermatzeko.
Horretarako, Europako Batzordeak eta EBko 25 herrialdetako, Islandiako eta Norvegiako kontsumitzaileak babesteko agintari nazionalek, duela gutxi, online 356 merkatariren baheketa («ekorketa») egin zuten. Merkatari horiek guztiak bigarren eskuko ondasunak saltzeko webgune edo plataformetako erabiltzaileak ziren, eta beren jardunbideek EBko kontsumo-arloko legedia betetzen ote zuten ala ez egiaztatu nahi izan zen.
Hala egiaztatu zen aztertutako online merkatarien % 52k kontsumo arloko EBko legeria urratzen egon zitezkeela.
- Merkatarien % 40k ez zien kontsumitzaileei era argian jakinarazten atzera egiteko eskubidea dutela, hala nola produktu bat itzultzeko eskubidea, 14 eguneko epean eta justifikaziorik zein kosturik gabe;
- % 45k ez zien kontsumitzaileei egokiro jakinarazten produktu akastunak edo iragarri bezala ez dabiltzanak itzultzeko eskubidea dutela;
- % 57k ez zuen errespetatu, legez, urtebeteko bermea dutela bigarren eskuko ondasunek;
- % 34k beren webgunean ingurumen-alegazioen berri ematen zuten, nahiz eta horietatik % 20 behar bezala justifikatuta ez egon. Alegazio horien % 28 faltsuak eta engainagarriak ziren, edo merkataritza-jarduera desleialtzat jo ziren.
EBren egitekoa kontsumitzaileei honako hau bermatzea da: ondasunen iraunkortasunari eta konpongarritasunari buruzko informazio hobea izanen dutela, eta salmenta-puntuan kontsumitzailearen legezko berme-eskubideak izanen dituztela.
Kontsumo agintariek 185 merkatari jarri dituzte ikertzen jarraitzeko jomugan, eta beste neurri batzuk hartuko dituzten erabakiko dute, prozedura nazionalak betetzeko aginduz.