Ollo presidenteordeak Europan ahots propioa duen eskualde izatearen garrantzia azpimarratu du, bai eta mugaz gaindiko eremuak eta kanpoko komunitatearekiko harremanak Foru Komunitate demokratikoagoa garatzeko ematen duten aukera ere.

Nafarroak azken hamarkadan nazioarteko partaidetzan eta proiekzioan emandako aurrerapena finkatu nahi du 2025-2028 aldirako aurreikusitako Kanpo Ekintzako II. Planaren bidez. Parte hartzeko fasean dagoen plan berriaren oinarrizko ildoak gaur aurkeztu ditu Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari eta lehendakariorde Ana Ollok, hainbat komunikabidetako kazetariekin egindako topaketa batean. Bertan harekin izan dira zuzendari nagusi Sergio Pérez eta Kanpo Ekintzako bere taldea. Gaurtik aurrera, plan berriaren zirriborroa Gobernu Irekiaren orrian kontsultatzen ahalko da.

Ollo lehendakariordeak Nafarroak Europar Batasunarekin duen konpromisoa indartzearen garrantzia azpimarratu du, egungo nazioarteko testuingurua ikusita, ahots propioarekin eta egiteko ekarpen asko dituen eskualde gisa. Gainera, kanpoan dauden nafar komunitateekin harremanetan izateko aukera aipatu du Ollok. Eta, era berean, arreta berezia jarri du mugaz gaindiko espazioko harremanetan, “leku hori Euskadirekin eta Akitania Berriarekin integratzen baitugu, auzotasun, kultura eta ekonomia lotura oso biziak batzen dizkigutenekin”.

Hiru ardatz horiek –Nafarroa Europan, Mugaz gaindiko Nafarroa eta Nafarroa munduan– egituratu dute Kanpo Ekintzako lehen Plana (2021-2024); horren adierazleek aurrerapen esanguratsua erakusten dute zenbait ekintza ildotan. Aurrerapen hori aurreko bi legegintzaldietan bultzatu zen, Bruselako Bulego Iraunkorraren bultzadarekin eta Nafarroa Euroeskualdean sartzearekin (2017), baita Atzerrian dauden Nafarroako Herritarren Next Estrategia definitzearen bidez ere (2019), besteak beste.

Hiru ardatz eta helburu bera: presentzia propioa duen Nafarroa globala

2025-2028 aldirako Kanpo Ekintzako Plan berria Nafarroaren kanpo ekintza planifikatzeko, koordinatzeko, sustatzeko eta ikusarazteko xedez sortu da, Komunitatea eragile global eta bereizi gisa kokatzeko Europako esparruan eta nazioartean, lehenbiziko planaren hiru ardatzak indartuz.

Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, “kohesio politika jokoan den une honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da “Nafarroa Europan” ardatza indartzea, eskualdeen Europa horretan, bai eta areagotzea ere Europari buruzko ezagutza Nafarroan, eta herritarrak sartzea Europako herritar direlako sentimendu horretan”.

Bigarren ardatzak, “Mugaz gaindiko Nafarroa” deritzonak, Europako lurralde lankidetzaren ahalmen guztia errentagarri egin nahi du, Nafarroak duen kokapen geografiko pribilegiatua aprobetxatuz, bai eta nortasun propioa ezarri ere Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean eta Pirinioetako Lan Elkartean, besteak beste. Pirinioetako mugaren alde bietan laguntzen deialdiak, proiektu partekatuak eta lotura instituzionalak, sozialak eta komertzialak egin nahi dira ere bai.
Azkenik, “Nafarroa globalaren” ardatzak helburutzat du atzerrian diren nafarrentzako arreta eta harremana hobetzea eta Foru Komunitatearen irudi erakargarria, askotarikoa eta garaikidea ezartzea. Erreferentzia egin nahi zaie ere bai nafar diasporarekiko harremanei, nola itzuli nahi direnekin –Gobernua bitartekari da prozesu horretan– hala atzerrian jarraitzea erabakitzen dutenekin.

Informazio gehiago