Europako Batzordeak Turismo Adimendunaren Europako Hiriburua eta Europako Aitzindari Berdea lehiaketetarako 2026ko deialdia egin du. Europako helmuga turistikoek turismo adimenduneko eta jasangarriko praktika berritzaileak aurkezten ahalko dituzte maiatzaren 30eko 17:00ak arte (CET).
Lehiaketak aukera berdintasuna, irisgarritasuna, garapen jasangarria eta sormen industriei eta tokiko talentuari laguntzea ematea sustatze aldera tresna eta jardunbide digital berritzaileak ezartzen dituzten hiriei aintzatespena egiten die.
Lehiaketa irekita dago EBko estatu kideetako hirietara eta Merkatu Bakarraren Programan parte hartzen duten herrialdeetara, honako hauek barne: Albania, Bosnia eta Herzegovina, Islandia, Kosovo, Liechtenstein, Moldavia, Montenegro, Iparraldeko Mazedonia, Norvegia, Serbia, Turkia eta Ukraina.
Turismo Adimendunaren Europako Hiriburuaren bereizgarriak Europako helmuga turistikoen lorpenak errekonozitzen ditu lau kategoriatan: digitalizazioa, jasangarritasuna, irisgarritasuna eta kultur ondarea eta sormena. 100.000 biztanletik gorako hiriak proposatzen ahal dira sarirako.
Bestalde, Turismo Adimenduneko Europako Aitzindari Berdearen kategoriak aintzatespena egiten die turismo jasangarria sustatzeko estrategiak inplementatu dituzten helmuga txikienei. Kasu honetan, hautagaitzak bidaltzen ahal dituzte 25.000 eta 100.000 biztanle arteko udalerriek.
Hiri finalistek hautagaitza aurkeztu beharko dute Europako Batzordeko, Parlamentuko, Eskualdeen Komiteko eta estatu kideetako ordezkariek osatutako epaimahai baten aurrean, epaimahai horrek hautatuko baitu zein den irabazlea Turismo Adimendunaren Europako Hiriburuaren eta Turismo Adimendunaren Aitzindari Berdearen 2026ko lehiaketetan. Aurtengo azaroan emanen dira ezagutzera.
Irabazleei laguntza emanen zaie komunikazioan eta markaren garapenean 2026an zehar, eta horri esker haien jardunbide adimendun eta berritzaileak zabaltzen ahalko dituzte. Laguntza horren barruan sartzen dira sustapen bideo bat ekoiztea, hashtag bat duen eskultura bat leku nabarmen batean jartzea eta hainbat sustapen jarduera Europan eta nazioartean. Horrez gainera, aukera izanen dute lehiaketaren aurreko bost edizioetan hautatutako helmuga adimendunen sarean sartzeko jardunbide egokiak eta ezagutza trukatze aldera.