Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Europako Batzordeak emakumeen eskubideen ibilbide orria eta 2025eko genero berdintasunari buruzko txostena aurkeztu ditu. Ibilbide orriak genero berdintasuneko programa sustatzen du eta epe luzerako ikuspegi politikoa ematen du emakumeen eskubideetan aurrera egiteko.

Europar Batasunak generoaren alorrean munduko gizarte berdinzaleenetako batzuk ditu, eta mundu osorako erreferentziazko eredua ezartzen du. Ibilbide orria 2020-2025 aldirako Genero Berdintasunerako Estrategiaren esparruan ikusitako aurrerapen nabarmenetan dago oinarrituta. Azken bost urteetan, EBk aurrerapen historikoak lortu ditu soldata gardentasuneko, familia bizitza eta lan bizitza uztartzeko, erantzukizun asistentzialetako berdintasuneko, enpresen administrazio kontseiluetako genero berdintasuneko eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko arauei dagokienez.

Ibilbide orri horren bidez, Batzordeak konpromisoa berretsi eta indartu du emakumeak eta neskak ahalduntzeari eta genero berdintasun osoa duen gizarte bat eratzeari dagokionez, Europa osoan eta mundu osoan. Ibilbide orriak jarraibideak ematen ditu hurrengo Genero Berdintasunerako Estrategiaren etorkizuneko neurrien inguruan.

Nahiz eta EBk zenbait ekimen garrantzitsu bultzatu dituen 2020-2025 aldirako Genero Berdintasunerako Estrategiaren esparruan, gai horren inguruko aurrerapenek jarraitzen dute geldoak eta desparekoak izaten eremuen eta estatu kideen arabera, alor horri buruzko 2025eko txostenean adierazten denez. EBko hiru emakumetik batek indarkeria fisikoa nahiz sexuala jasan du. Enpleguaren eta ordainsarien aldeak EBn astiro baino ez dira murriztu, eta oraindik ere badaude emakumeen kontrako indarkeria, arau diskriminatzaileak eta estereotipoak. Emakumeek jarraitzen dute gehiago agertzen ordainsaririk okerrena duten enpleguetan, eta gutxiago, berriz, erantzukizuneko postuetan.

Informazio gehiago