Ollo lehendakariordeak eta Kanpo Ekintzako taldeak deialdi horren aurkezpenak eginen dituzte Ezkarozen, Tuteran, Oieregin, Erriberrin, Lizarran eta Irurtzunen, eremu bakoitzeko garapen eragileekin eta ETEekin lankidetzan.

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, toki garapeneko elkarte eta partzuergoekin lankidetzan, zenbait saio eginen ditu Nafarroako hainbat eremutan, Nafarroako ehun sozioekonomikoko eragileei, bereziki ETEei, eta elkarteei, toki entitateei eta abarri Europako POCTEFA programaren proiektu txikietan parte hartzeko dituzten aukerak ezagutarazteko. Lehen saioa Ezkarozen izanen da, martxoaren 14an, ostirala, eta Pirinioez eta Pirinioaurreaz hitz eginen da. Hurrengo saioak herri hauetan eginen dira: Tuteran (martxoaren 21ean), Oieregi-Bertizen (martxoaren 26an), Erriberrin (martxoaren 28an), Lizarran (apirilaren 3an) eta Irurtzunen (apirilaren 9an).

Deialdi honetara aurkezteko, beharrezkoa da proiektuek Pirinioez bestaldeko bazkide bat, gutxienez, izatea. Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago jada, eta maiatzaren 30ean amaituko da.  Europar Batasunak proiektu bakoitzaren aurrekontu osoaren % 65 finantzatuko du, Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) kudeatutako EGEF funtsen bidez; guztira, 4 milioi euro daude erabilgarri, modalitate horretarako Interreg POCTEFA programaren barnean. Proiektuen aurrekontuak 15.000 eurotik 200.000 eurora bitartekoa izan behar du.

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Foru Komunitatearen izenean hartuko du parte topaketa horietan, Kanpo Ekintzako taldearekin batera, eta testuinguruan jarri du ekimen hori, hau adieraziz: “Gobernu honek mugaz haraindiko lankidetzaren alde egiten du, eta lankidetza hori posible da POCTEFA proiektu handiak baino eremu “mikro” eta hurbilago batean ere”.

Alde horretatik, deialdiak finantzaketa eskala txikiagoan eskuratzea errazten du, eta errazago kudeatzen ahal da hori, ikuspegi tekniko eta administratibotik. Halaber, proiektu horiek balio dute Europako mugaz haraindiko lankidetzaren munduan sartzeko ere. “Proiektu txikiak POCTEFA programaren berritasun bat dira, eta parte-hartzaile berriei zuzentzen zaie; izan ere, parte-hartzaile horiek proiektu handien harrobi bihurtzen ahal dira eta, hala, POCTEFA deialdi tradizional bikoitzera edo Euroeskualdearen eremuan kudeatutako beste deialdi ertain batzuetara aurkezten ahalko dira”, gaineratu du Ollo lehendakariordeak. Era berean, defendatu du zein garrantzitsua den Europak gizarte kohesioaren alde egindako lana, eskualdeek beraiek garatzen dutena, haiek baitira beren lurraldea hobekien ezagutzen dutenak.

Gogorarazi behar da Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak ere baduela mugaz haraindiko lankidetzarako bere laguntzen urteko deialdia, eremu hori baita Kanpo Ekintzako II. Planaren lehentasunezko ardatzetako bat. Sergio Pérez García Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak zehaztu duenez, plan horretan lan egiten ari da datozen lau urteetarako.

Informazio gehiago