Von der Leyen presidenteak otsailaren 7an iragarri zuen bezala, Europako Batzordeak altzairuari buruzko elkarrizketa estrategikoa ezarriko du, Europako siderurgia industriaren etorkizunerako norabide erabakigarria taxutzeko. Batzordeak sektore estrategiko horrekin konpromiso irmoa duela azpimarratzen du ekimenak, eta aitortzen du sektore hori oso garrantzitsua dela berrikuntzarako, hazkunderako eta enplegurako, bai eta EBko autonomia estrategikoa zabalagoa izateko ere.
Etorkizuneko erronkei buruz denok elkar ulertu beharra oinarri hartuta, Séjourné presidenteorde exekutiboari agindu zaio altzairuaren eta metalen gaineko ekintza plan espezifiko bat egiteko; plan hori aurtengo udaberrian jarriko da martxan.
Ursula von der Leyen presidenteak honako hau adierazi du: «Siderurgia industria funtsezko sektorea da Europako merkatu bakarrean. Aldi berean, sektore hori oso garrantzitsua da klima aldaketaren aurkako borrokan. Elkarrizketa estrategikoak ekintza plan zehatz bat garatzen lagunduko du, industria garbirako trantsizioan sektore horrek dituen erronka bereizgarriei aurre egiteko. Europako siderurgia industria epe luzera lehiakorra eta jasangarria izatea bermatu nahi dugu».
Aurrekaririk gabeko erronken aitzinean —hala nola energiaren kostuak handitu izana, lehengaiak eskuratzeko arazoak egotea, mundu mailako lehia desleiala eta Estatu Batuetako muga zerga berriak—, siderurgia industriak neurri espezifikoak behar ditu. Altzairuari buruzko elkarrizketa estrategikoaren helburua da sektorearen etorkizunerako plan sendo eta bideragarri bat egitea.
Martxoaren 4an, altzairuari buruzko elkarrizketa estrategikoaren goi mailako bileran, Ursula von der Leyen presidentea izanen da buru. Bilera horretara altzairuaren balio kate osoko funtsezko ordezkariak gonbidatu dira, barnean hartuta altzairugileak, lehengaien hornitzaileak, erosleak eta gizarte-solaskideen eta gizarte zibilaren ordezkariak.
Berriki argitaratutako EBko Lehiakortasunerako Iparrorratzak eta EBko hurrengo Industria Garbirako Itunak ezarri dituzten oinarriak izanen dira elkarrizketaren abiapuntua. Eztabaidarako gai giltzarrien artean egonen dira nola hobetu lehiakortasuna eta zirkulartasuna, nola bultzatu trantsizio garbia, deskarbonizazioa eta elektrifikazioa, eta nola bermatu bidezko harreman komertzialak eta lehia baldintza ekitatiboak nazioartean. Informazio gehiago aurkitzen ahal da elkarrizketa estrategikoko eztabaidak gidatzeko ohar kontzeptualean.
Elkarrizketa prozesu osoan, Batzordea Kontseiluari eta Europako Parlamentuari informazioa helarazten eta kontsultak egiten arituko da. Halaber, kontsulta zabalagoak eginen dira industriaren inguruko beste alderdi interesdun batzuekin.