Batzordeak Industria Garbirako Ituna aurkeztu du, gure industriaren lehiakortasuna eta erresilientzia babesteko jarduera plan ausarta. Itunak deskarbonizazioa azkartuko du eta manufaktura industriaren etorkizuna bermatuko du Europan.
Energiaren kostu handien eta munduko lehia basati eta sarritan desleialaren aurrean, gure industriek lehenbailehen behar dute laguntza. Itun horren arabera, deskarbonizazioa Europako industriaren hazkunde motor indartsua izanen da. Esparru horrek lehiakortasuna bultza dezake, segurtasuna eta aurreikuspenak egiteko aukera eskaintzen baitie enpresei eta inbertitzaileei, Europak eutsi eginen baitio hemendik 2050era ekonomia deskarbonizatua izateko konpromisoari.
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi du: «Europa ez da berrikuntza industrialeko kontinentea soilik, baizik eta ekoizpen industrialekoa ere bada. Hala ere, produktu garbien eskaria moteldu egin da eta inbertsio batzuk beste eskualde batzuetara eraman dira. Badakigu oraindik oztopo gehiegi daudela Europako gure enpresentzat, hala nola energiaren prezio altuak eta araudien gehiegizko zama. Industria Garbirako Itunak apurtu eginen ditu gure enpresak geldiarazten dituzten kateak, eta argi eta garbi erakutsiko du Europak oinarri ekonomiko onak dituela».
Batzordeak neurriak hartuko ditu, halaber, gure arau esparrua eraginkorragoa izan dadin eta enpresentzako oztopo burokratikoak murriztu daitezen. Gaur hartutako neurriak elkarrizketa sakonen emaitza dira: elkarrizketa horiek industrialariekin, gizarte eragileekin eta gizarte zibilarekin egin dira, Europako Industria Itunaren aldeko Anberesko Adierazpenaren eta energia garbiranzko trantsizioari buruzko elkarrizketen esparruan.