Nafarroako Gobernuak mugaz gaindiko lurraldeen arteko lankidetzaren aldeko apustua aurkeztu du, lurralde-garapena jasangarritasunetik bultzatzeko, Baionan egin den mugaz gaindiko hirugarren topaketaren esparruan, “Mugaz gaindikoa: lurraldeen bidea/ahotsa?” izenburupean.
Bertan, Nafarroako Gobernuaren aldetik, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta José Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak parte hartu dute. Biak hizlari izan dira lurraldeen deszentralizazioarekin edo mendi-eremuetako lankidetza-tresnekin lotutako hainbat mahai-ingurutan.
Euskal Hirigune Elkargoak antolatutako jardunaldiari hasiera emateko, Jean-René Echegaray Baionako alkateak eta Imanol Pradales Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak hartu dute hitza. Gainera, Akitania Berriko presidente Alain Rouset, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Iruñeko, Donostiako, Bilboko (alkateak bertan direla) eta Gasteizko udaletako ordezkariak izan dira bileran, Berako eta Doneztebeko alkateekin batera.
Jardunaldiari hasiera eman dion mahai instituzionalean, bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok honako hau adierazi du: “Nafarroarentzat mugaz gaindiko espazioa premia da, berez, baina aukera bihurtu behar dugun premia bat da, bertan bizi eta lan egiten duten nafarren eta nafarren bizitza hobetzeko”. Alde horretatik, arlo juridikoan eta linguistikoan oztopoak egon arren, eta, eskumenei eta erantzukizunei dagokienez, administrazioak asimetrikoak izan arren, “azken urteotan urrats garrantzitsuak eta arrakastatsuak egin dira mugaz gaindiko ekosistema bat eratzeko, hala nola Unibertsitateen Euroeskualdeko Estrategia edo Gizarte Ekonomiako partenariatuak”.
Bestalde, Ollo lehendakariordeak ohartarazi du mehatxu handiak daudela Europar Batasunak bultzatu duen kohesio-politikaren gainean. “Inoiz baino beharrezkoagoa da Europa sendo eta batu bat finkatzea, eta hori ez da lortuko eskualdeek herritarrengandik gertuen dauden administrazio gisa duten zeregina indartzeko neurririk gabe. Kohesio-politikek, zeinetatik Poctefa eta antzeko programak eratortzen baitira, hazkunde ekonomiko eta soziala ekarri digute Nafarroara, eta indartu beharreko balio europarrekin konektatzea ahalbidetu dute”.