Europako Batzordeak 11.000 milioi euro bildu ditu EBren bonuetan, 2025erako bigarren operazio sindikatuan, eta horietatik 5.000 milioi EBren NextGeneration bonu berdeetan.
Europako Batzordeak ahalmena du, EBren Tratatuen bidez, maileguak lortzeko EBren izenean nazioarteko kapital-merkatuetan, EBren programa politiko jakin batzuk finantzatzeko. Zor-baloreen merkatuetan ezaguna da, azken 40 urteetan jaulki baititu bonuak. Europako Batzordearen jaulkipen guztiak eurotan daude soilik. EBren mailegu guztiak EBren aurrekontuak bermatzen ditu, eta EBren aurrekontuari egindako ekarpenak estatu kide guztien legezko betebeharra dira EBko Tratatuen arabera.
Tarte bikoitzeko operazioa izan da: batean EBren bonuaren 6.000 milioi euroko jaulkipena da, 2031ko abenduaren 4an mugaeguna duena; bestean, EBren NextGeneration bonu berdearen 5.000 milioi euroko jaulkipena, 2050eko otsailaren 4an mugaegunarekin. 7 urteko bonuak % 99,049ko prezioa zuen, eta % 2,654ko etekina; 25 urteko bonuak, berriz, % 98,209ko prezioa eta % 3,357ko etekina. Jasotako eskaintzak 76.000 milioi euro baino gehiagokoak ziren 7 urteko bonuaren kasuan, eta 69.000 milioi euro baino gehiagokoak 25 urteko bonuaren kasuan. Beraz, gainharpidetza-tasak, gutxi gorabehera halako 13 eta ia halako 14 izan dira, hurrenez hurren.
Operazioaren diru-sarrerak EBren programa politikoak finantzatzeko erabiliko dira, bereziki NextGenerationEUren testuinguruan eta Ukrainari laguntzeko, bai eta proiektu ekologikoak finantzatzeko ere estatu kideen suspertze- eta erresilientzia-plan nazionaletan.
Batzordeak dagoeneko 26.500 milioi euro inguru jaulki ditu aurten, eta 2025eko lehen seihilekorako 90.000 milioi euroko bonuak jaulkitzeko helburua du. EBren orain arteko operazio guztien laburpen osoa online kontsultatu daiteke. EBren finantzaketa-planean, halaber, EBk 2025eko lehen seihilekorako aurreikusitako operazioen deskribapen xehatua agertzen da. EBren jaulkipenen gutxi gorabeherako egutegiaren arabera, hurrengo operazioa EBren letren enkante bat izanen da 2025eko otsailaren 19an.