Maastrichteko Tratatuak Europar Batasuna ezarri zuen, euroa sortzeko bidea ireki zuen eta EBko herritartasuna sortu zuen.

Maastrichteko Tratatua 1992ko otsailaren 7an sinatu zen, eta eragin handia izan zuen Europaren integrazioan. Herbehereetako Mosa ibaiaren ertzeko hiri hartan sortu zen tratatua, eta hari esker ditu Europar Batasunak gaur egun dituen izena eta izaera.

Tratatua sinatu zenetik iragan diren urteetan, Batasuna hazi egin da tamainari, irismenari eta gaitasunari dagokienez.

Egungo Europar Batasuna mundu guztian bakea eta justizia babesteko ahots indartsua da. Munduko monetarik negoziatuenetan bigarrena du, eta planetako merkataritza-blokerik handiena da. Aldi berean, EBko ia 450 milioi herritarren eskubideak bermatzen ditu.

Aurrerapen nabarmen horiek lortzeko urrats garrantzitsua egin zen 1991n, orduko 12 estatu kideek Europako goi-bilera bat egin zutenean Herbehereetako Maastricht hirian, zeina buztingintzagatik baitzen ezagunagoa garai hartan.

Maastricht da Europar Batasunaren sorlekua: han negoziatu eta sinatu zen hiriaren izena daraman tratatua.

Europako liderrak Maastrichten bildu zirenean tratatu berria amaitzeko, nork bere estatuko kezkak ekarri zituen mahai gainera. Baina bazekiten, halaber, emaitza ona lortu beharra zegoela, Europari beharrezko tresnak emanen zizkiona agenda berri bat eratu ahal izateko.

Europako lankidetzarako eta integrazio handiagorako ibilbidea 50eko hamarkadan hasi bazen ere, 70eko hamarkadan etenda gelditu zen, inflazioak eta langabeziak Europako ekonomiak kaltetu zituztenean. Askok etsipena sentitu zuten garapenik ez zegoela-eta. Baina, 80ko hamarkadaren erdialdean, Europako proiektua aurrera eramateko anbizioa eta asmo irmoa berritu ziren. Europako merkatu bakarra sortzea funtsezko elementua izan zen.

Merkatu bakarrak oparotasuna eta hazkundea ekarri zituen. Integrazio ekonomiko askoz estuagoaren ondorioz, moneta bera izanen zuen batasun monetarioa sortzeko ikuspegia zabaldu zen.

Europan izandako gertaera dramatiko batzuen testuinguruan sortu zen batasun monetarioari eta integrazio politiko handiagoari buruzko eztabaida.

Sobietar Batasunean, Mikhail Gorbatxov agintera iritsi zen, eta bi hitz berri sartu zituen eguneroko hizkuntzan: perestroika (berregituraketa) eta glasnost (irekiera). Altzairuzko oihalaren atzetik, disidentziako eta protestako mugimenduak –hala nola Poloniako Solidarność sindikatua eta Txekoslovakiako kandelen manifestazioa– babes publiko handiagoa izaten hasi ziren. Moskun eta Erdialdeko eta Ekialdeko Europan izandako aldaketen ondorioz, argi zegoen botere-egitura aldatzen ari zela. Ekialdeko Alemanian komunismoaren mende bizi ziren alemanek Mendebaldeko Alemaniako demokrazia nahi zuten, inolako oztoporik gabe. 1989ko azaroan Berlingo Harresia erori zen, Europa erdibitzen zuen muga fisikoa.

Harresia erortzearen eta Alemania bateratzeko nahiaren ondorioz, Europaren etorkizunari buruzko galderak sortu ziren. Hilabete gutxi batzuen buruan Alemania bateratu zen, eta horrek lorpen politiko handia ekarri zuen. Aldi berean, beste lotura batzuk sortu ziren; esaterako, Mantxako kanalaren azpiko tunela bukatu, eta Erresuma Batua eta kontinentea fisikoki lotuta gelditu ziren. Aldaketa horiek eta mundu guztian izan ziren gorabehera zabalago batzuek ekarri zuten testuinguruan, Europako Erkidegoko 12 herrialdeetako buruzagiak Maastrichten bildu ziren galdera erraz baina garrantzitsu bati erantzuteko: Zer zeregin izanen zuen Europak etorkizunean, mundu aldakor horretan?

Tratatu berria nahiko oharkabean sinatu zen. Hala ere, atzera begiratuz gero, argi dago bilera hartan dutela jatorria haren ondoko urteetan EB itxuratu duten aldaketetako askok.

Tratatuaren jatorrizko testua

Informazio gehiago