Minbiziaren aurkako Munduko Egunean, otsailaren 4an, minbiziaren prebentzioa sustatzen da mundu osoan, eta hari aurre egiteko deia egiten da.

Europar batzordeak Country Cancer 2025 txostenak egin ditu EBko herrialdeak, Norvegia eta Islandia kontuan hartuta, eta haietan adierazten denez, minbiziaren biziraupen-tasak % 12 handitu dira EB guztian. Hala ere, minbiziaren prebalentzia % 24 handitu da, eta oraindik ere desberdintasunak daude EBko herrialde batetik bestera.

Txostenetan agerian gelditu denez, minbizi-kasuen erdiak lau motakoak dira: kolon eta ondestekoa, biriketakoa, prostatako eta bularrekoa. Halaber, minbizia izateko arriskua handitzen duten faktore batzuek hobera egin dute EBn: besteak beste, tabakismo-tasak eta alkohol-kontsumo orokorrak behera egin dute. Hala ere, gehiegizko pisua eta obesitatea arazo gero eta handiagoa dira: EBko helduen erdiek baino gehiagok dute gehiegizko pisua.

EBk modu aktiboan parte hartzen du gaixotasun horren aurkako borrokan. 2021ean, Minbiziaren aurkako Europako Plana jarri zuen abian. Haren bidez, funtsezko zenbait ekimen abiarazi dira, EBn alderdi hauek hobetzeko minbiziari dagokionez: prebentzioa, detekzio goiztiarra, diagnostikoa, tratamendua eta pazienteen eta bizirauleen bizi-kalitatea.

Ekimen horietako bat da Bularreko Minbiziari buruzko Europako Batzordearen Ekimena, eta haren bidez argitaratu zen bularreko minbiziaren zerbitzuen kalitatea bermatzeko Europako sistemaren lehen bertsio ofiziala, Minbiziaren aurkako Munduko Eguna baino lehen. Sistema horrek zenbait kalitate-betekizun ezartzen ditu bularreko minbizia artatzeko, eta kontuan hartzen ditu EB guztiko baheketa, diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena.

Informazio gehiago