Ur garbia da bizitzaren eragilea. Funtsezko baliabidea da pertsonentzat eta naturarentzat, eta klima erregulatzen du. Hala ere, Europako Batzordeak EBko uraren egoerari buruz argitaratu dituen azken txostenen arabera, nahiz eta azken sei urteetan EBko ur-masen egoera hobetu den, beharrezkoa da lanean jarraitzea.
Joera positibo batzuk izan dira Uraren Esparru Zuzentaraua aplikatzearen ondorioz, eta lurpeko ur-masak egoera kuantitatibo eta kimiko ona izatera iristen ari dira. Hala ere, lanean jarraitu beharra dago EBren helburuak betetzeko, ur gezaren kalitateari eta kantitateari dagokienez. EBko azaleko ur-masen % 39,5 baizik ez daude egoera ekologiko onean, eta % 26,8 soilik egoera kimiko onean. EBk gomendio garrantzitsuak egin dizkie estatu kideei, uraren kudeaketa hobetzeko hemendik 2027ra bitartean.
Uholde-arriskua kudeatzeari dagokionez, Batzordeak onartu du hobekuntza nabarmenak egin direla, baina berriz ere azpimarratu du EBko herrialdeek ahalegin handiagoa egin behar dutela administrazio- eta plangintza-gaitasuna handitzeko, eta inbertsio egokiak egin behar dituztela uholdeak prebenitzeko, batez ere kontuan hartuta zein den gaur egungo errealitatea, uholderik ohikoenei eta larrienei dagokienez. Itsas Estrategiari buruzko Esparru Zuzentarauari buruzko txostenak ere ondorioztatu du hobetzeko tarte handia dagoela, batez ere EBko itsasoko ur guztien ingurumen-egoera ona lortzeari dagokionez.
Txosten hauetan aztertu da nola aplikatzen diren EBn uraren arloko hiru lege-egintza: Uraren Esparru Zuzentaraua, Uholdeei buruzko Zuzentaraua eta Itsas Estrategiari buruzko Esparru Zuzentaraua.
Txostenekin batera, Batzordeak datu-deialdi bat egin du; hartan, alderdi interesdunei eskatu die beren ekarpenak egiteko eta Uraren Erresilientziarako Europako Estrategia izanen dena diseinatzen laguntzeko.