Bilera informal batean, EBko agintariek hurrengo urratsak prestatuko dituzte Europa eragile erresilienteagoa eta fidagarriagoa izan dadin segurtasunaren eta defentsaren arloan. Gai-zerrendan defentsaren arloko gaitasunekin, finantzaketarekin eta elkarteekin lotutako alderdiak daude.

Segurtasunaren egungo panoraman eragin nabarmena izaten ari dira Errusia Ukrainaren aurka egiten ari den eraso-gerra, estatu kideei zuzenduriko eraso hibrido eta zibereraso gero eta ugariagoak eta Ekialde Hurbileko egoera eta, horiek horrela, EBko buruzagiek Europako segurtasuna eta defentsa-gaitasunak indartzeko modua eztabaidatuko dituzte.

Oinarri harturik Europak bere defentsan erantzukizun handiagoa hartu behar duela eta denok dugula Europa barnean lankidetza estuagoa izateko interesa, eztabaida honako gai hauetan ardaztuko da:

  • defentsa-ahalmenak garatzea;
  • finantzaketa, bereziki finantzaketa pribatuaren mobilizazioa, EBren tresnak eta aurrekontua baliatzeko modurik hoberena, eta aztertu beharreko beste aukera komun batzuk;
  • elkarteak indartzea eta sakontzea.

Eztabaida hori lagungarria izanen da hurrengo etapak prestatzeko, Europa erresilienteagoa eta fidagarriagoa izan dadin segurtasunaren eta defentsaren arloan, eta, horrela, bazkide transatlantiko indartsuago bihur dadin, baita NATOren testuinguruan ere. Horrek Europako defentsaren etorkizunari buruzko proposamenen prestalanak orientatzen lagunduko die Batzordeari eta goi-ordezkariari. Testuinguru horretan, agintariek orobat eztabaidatuko dute defentsarako inbertsioa handitzearen eta lehiakortasun ekonomiko globala eta EBren kohesioa indartzearen arteko loturaz.

Informazio gehiago