Batzordeak “Lehiakortasunaren iparrorratza” aurkeztu du, agintaldi honetako garrantzi handiko lehen ekimena dena eta esparru estrategiko argia ematen duena Batzordearen lana bideratzeko.

Iparrorratzak bidea ezartzen du, Europak benetan produktu garbiak, etorkizuneko teknologiak eta zerbitzuak asmatu, fabrikatu eta merkatura ditzan, eta, aldi berean, neutraltasun klimatikoa lortzen duen lehen kontinentea izan dadin.

Azken bi hamarkadetan, Europak ez dio jarraitu beste ekonomia handi batzuen erritmoari, produktibitatearen gorakadan eten iraunkorra egon delako. EBk jada badu joera hori alderantzikatzeko behar dena: langile prestatuak eta talentua, kapitala, aurrezkiak, bere merkatu bakarra eta bere gizarte azpiegitura paregabeak. Baina premiaz jardun behar du joera hura geldiarazten duten iraupen luzeko oztopoei eta egiturazko gabeziei aurre egiteko.

Europar Batasunaren 2023ko egoerari buruzko hitzaldian, von der Leyen presidenteak iragarri zuen Mario Draghi Italiako lehen ministro ohiari eskatu ziola Europako lehiakortasunaren etorkizunari buruzko txosten bat presta zezala. Txosten horrek ohartarazten du Europak ezin izanen duela jarraitu iraganean hazkundeari lagundu zioten faktoreetako askotan oinarritzen. Bertan, diagnostiko argia ezartzen da eta gomendio zehatzak ematen dira Europa beste ibilbide batean kokatzeko.  Gomendio asko jasota daude jada orientazio politikoetan eta presidenteak komisarioen elkargoko kideei bidaltzen dizkien aginte gutunetan.

Informazio gehiago