Mînzatu presidenteorde exekutiboak Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko aurkeztu duen “Europako Unibertsitateak ekimenaren emaitzak eta potentzial eraldatzailea” txostenaren arabera, Europako unibertsitateen arteko lankidetzak goi mailako hezkuntza eraldatzeko potentziala dauka. Txosten horretan deskribatu dira ere Europako Unibertsitateak aliantzari esker lortutako aurrerapen eta helburuak, abian jarri eta bost urte igaro direnean. Era berean, Europako unibertsitateen epe luzerako jasangarritasunerako erronka eta gomendioen ikuspegi orokorra eskaintzen du.

Europako Unibertsitateak aliantzek Europako unibertsitate arteko campusa sortzea lortu dute, non ikasleek ikasi eta lankidetzan aritzeko aukera duten, mugez haratago, eta ikaskuntza eta irakaskuntza berritzaileen onurak jasotzen dituzten. Gaur egun, 65 aliantza daude, 35 herrialdetako 570 goi mailako hezkuntza erakunde baino gehiago bilduta, eta Europar Batasuneko estatu guztiek dute ordezkaritza bertan. Aliantzak Europako goi mailako hezkuntza sistemaren ardatz nagusia dira. Lehen hiru urteetan bakarrik, aliantzen barne zeuden ikasleen mugikortasuna % 400 hazi zen. Horrela, nazioz haraindiko lankidetza eredu berri bat sortu da goi mailako hezkuntzan, mundu mailan lehiatzeko aukera ematen dien epe luzerako ikuspegi estrategiko batekin.

Orobat, Europako batzordeak hezkuntzari eta lehen haurtzaroko zainketei buruzko funtsezko datu berriak argitaratu ditu, haur hezkuntzaren egoeraren, politiken, jardunbideen eta Europako 37 herrialdetako joeren analisi sakon eta xehatua egiteko. Txostenaren arabera, aurrerapausoak eman dira haur hezkuntzarako sarbidearen zabaltzean eta haurtzaroko arretan, baina herrialdeen arteko aldeak handiak dira oraindik, zerbitzuen kalitatean ere bai.

Informazio gehiago