Europar Batasuneko gizakien salerosketaren aurkako borrokari buruzko 5. txostena argitaratu du Europako Batzordeak, 2021-2022 estatistiken analisiarekin.

Europar Batasunean erregistratutako biktimak % 41 areagotu dira guztira, 2021eko 7.155 biktimetatik 2022ko 10.093 biktimetara igaroz. Hala ere, litekeena da benetako kopurua nabarmen handiagoa izatea, ez baitago biktima askoren gaineko inolako daturik.

Sexu esplotaziorako salerosketa da oraindik ere maizen gertatzen dena; salerosketa biktimen % 49 dira sexu esplotaziora bideratutakoak, eta horietako % 92 emakumeak dira. Maizen gertatzen den bigarren salerosketa mota laneko esplotaziora bideratutako biktimena da; biktima guztien % 37 dira, eta horietako % 70 gizonak dira. Azkenik, Europar Batasuneko salerosketa biktima guztien % 19 haurrak dira, hau da, aurreko txostenarekin alderatuta, % 3 gutxiago. Txostenak aztertutako aldian, Europar Batasunetik kanpoko herritarrak izan ziren salerosketa biktimen gehiengoa (% 54).

2022az geroztik, Europar Batasunak gizakien salerosketaren aurkako borroka areagotzeko politikak indartu ditu, Gizakien Salerosketaren aurkako Borrokarako (2021-2025) Europar Batasuneko Estrategia betez. 2024ko uztailean, gizakien salerosketaren aurkako prebentzio eta borrokari buruzko Zuzentarau berrikusia sartu zen indarrean, Europako Batzordeak 2022an proposatu zuena, hain zuzen. Berrikusitako Zuzentarauak are indar handiagoa ematen die salerosketa delituak ikertu eta biktimei laguntza hobea eskaintzeko agintariek eskura dituzten tresnei. Era berean, haurren babesa azpimarratzen du eta sexu esplotazioa inguruabar astungarri gisa ezartzen du. Europako Batzordeak gizakien trafikatzaileen aurkako ahalegina areagotuko du aurrerantzean, besteak beste, Salerosketaren aurkako Borrokarako Zentro bat sortuz. Plataforma orokor horrek Europar Batasuneko herrialdeen artean jardunbide egokiak partekatu eta lankidetza sustatzeko balioko du.

 

Gizakien salerosketa da mundu osoko bigarren legez kontrako ekonomia zabalduena. Sarritan, beste delituekin lotuta egon ohi da, hala nola droga trafikoa, migratzaileen kontrabandoa, jabetzaren aurkako delituak, kapitalen zuritzea eta agiriak faltsutzea. Txostena bi urtez behin argitaratzen da, gizakien salerosketaren aurkako borrokarako Europar Batasuneko koordinatzailearen zuzendaritzapean, eta Europar Batasuneko estatuek, agentziek eta gizakien salerosketaren aurkako Sozietate Zibilaren Plataformak egindako ekarpenetan oinarritzen da.

Informazio gehiago