Europako Batzordeak 2027 Europako Hiriburu Berde eta Hosto Berde sarietarako hautagaitzak aurkezteko prozesua ireki du, eta jasangarritasunarekin konprometituta dauden Europako hiriei luzatu die gonbidapena, 2025eko apirilaren 15a baino lehen hautagaitza aurkeztu dezaten.
Izen oneko sari hauek ingurumen inpaktua murrizteko eta beren biztanleen bizi kalitatea hobetzeko hiriek egiten dituzten ahaleginak goraipatzeko balio dute. Hiri irabazleek sari ekonomiko bat jasoko dute eta jasangarritasunean lider diren Europako hirien sarera sartuko dira.
Europako Hiriburu Berde saria 100.000 biztanletiko gorako hiriei zuzenduta dago. Hiri irabazleak 600.000 euro jasoko ditu.
Hosto Berde saria 20.000 eta 99.999 arteko biztanleria duten hiri guztiei zuzenduta dago. Sari horretan, bi irabazlera arte hautatuko dira, eta bakoitzak 200.000 euroko saria jasoko du.
Jasangarritasun ekimenak finantzatzeko eta herritarren aldeko konpromisoak hartzeko erabiltzen ahalko dituzte sariak hiriek.
Hautagaitzak zazpi ingurumen adierazleren arabera ebaluatuko dira: airearen kalitatea, ura, biodibertsitatea, berdeguneak, hondakinen kudeaketa, zarata eta klima aldaketaren arintzea eta harekiko egokitzapena.
Hiri mugikortasuna ere irizpideen elementu garrantzitsua da bi sarien kasuan. Aintzat hartuko dira isuriak murriztu eta mugikortasun jasangarria sustatzen duten garraio irtenbideak aplikatzen dituzten hiriak. Aurreko edizioetako irabazleek hiri mugikortasunerako zenbait ekimen abiarazi dituzte, esaterako:
- Águeda (Portugal): Águeda, 2026ko Europako Hosto Berdearen irabazlea, garraio jasangarriarekiko konpromisoagatik hautatu zuten, besteak beste, “beÁgueda” erabilera partekatuko bizikleta elektrikoak sustatzeagatik. Portugalgo trenbide konpainiarekin lankidetzan ere aritu da hiria, tokiko ordutegi eta zerbitzuak hobetzeko, intermodalitatea areagotzeko eta egoiliarren beharrei hobeki erantzuteko.
- Treviso (Italia): Treviso, 2025eko Europako Hosto Berdearen irabazlea, PMUS hiri mugikortasun jasangarrirako plana garatu eta ezartzeagatik hautatu zuten. Hiriak 32 kilometroko bidegorri sarea garatu du, bizikleta partekatzeko 30 geltoki sortu ditu, eta autobus elektrikoetan eta karga azpiegituran inbertitzen ari da.
- Valentzia (Espainia): 2024ko Europako Hiriburu Berdearen irabazlea izan zen Valentzia, bizikletetarako azpiegituretan egindako inbertsioengatik; izan ere, 164 kilometro bidegorri baino gehiago sortu ditu hiriak. Garraio publikoaren elektrifikazioan eta garraio multimodaleko zentroen garapenean ere lanean ari da Valentzia, oinez, bizikletaz eta garraio publikoarekin egindako desplazamenduak sustatzeko.