Enogastronomia protagonista izan zen Nafarroak FITUR 2025ean parte hartu zuen bigarren jardunaldian. Ostegun honetan, Nafarroak “Lurrak agintzen du” kanpaina aurkeztuko du azokan. Narrazio-estrategia berri horren bidez erakusten denez, Foru Komunitatea helmuga enogastronomiko berdingabea da, ustiatu gabea, bere eskaintzak tradizioak, produktua eta ingurunea zaintzen ditu, eta nafarren nortasuna osatzen duten bizimodu tradizionalak erakusten ditu.
Hala adierazi du gaur Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilari Rebeca Esnaolak kanpaina aurkezteko ekitaldian, Nafarroak FITURen daukan erakustokian eguerdiko hamabietan. Kontseilariak nabarmendu duenez, “turismo eta enogastronomia binomioa finkatu egin da Nafarroaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko aliantza giltzarri gisa, eskaintza gailen bati esker”.
Esnaolak azaldu duenez, “enogastronomian interesa duten turistek % 30 gehiago gastatzen dute askotariko jardueretan, eta urteko hainbat unetan, gainera; horrela, jarduera gutxiago lotzen zaio sasoi jakin bati, eta lurralde-orekarako lagungarria da”.
Esnaolak egindako hitzaldian azpimarratu du halaber “Gobernuak apustu garbia egin duela turismo enogastronomikoaren alde, 2,3 milioi euroko aurrekontua duen plan bat prestatu baitu; Europar Batasunak finantzatzen du, NextGeneration funtsen bidez”. Plan hori, kontseilariak esan duenez, “lurralde guztian zabalduko da, Nafarroa helmuga enogastronomikoa izan dadin, kalitateari, kulturari, bizi-kalitateari eta osasunari loturik betiere”.
Plan horrek zenbait proiektu biltzen ditu; besteak beste, produktu enogastronomikoen klub bat eratzea, eskaintza bildu eta kontzentratuko duena balio-kateko enpresen lehiakortasuna sustatzeko, eta esperientzia gastronomikoen atari bat abiaraztea klub horri loturik. Halaber, aurreikusita dago turismo enogastronomikoko unibertsitate-programa bat garatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan. Ikerketa-, prestakuntza- eta berrikuntza-foro bat izanen da turismo-segmentu horretarako, zeinak lotura baitu osasunaren, berrikuntzaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sektoreekin. Gainera, nekazaritzako elikagaiak banatzeko sare propio bat bultzatuko da, “Sorotik mahaira” izenekoa, eta marketin digitaleko plan bat eginen da, baita merkaturatzea sustatzeko eta laguntzeko plan bat ere.
“Lurrak agintzen du” kanpaina aurkezteko ekitaldia bukatzeko, bideo bat proiektatu da, erkidegoak arlo horretan turismoa sustatzeko duen estrategia erakusteko.