Tresna hori erabili dutenen kopurua % 46 baino gehiago handitu da azken bost urteetan, eta kopuruak hazten jarraituko duela aurreikusten da. Aurten, Eskubide Sozialetako Departamentuak 1,8 milioi inbertitu ditu zerbitzua kudeatzeko, 2023ko aurrekontua halako bi. 2022 eta 2025 artean, Nafarroako Gobernuak 14 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu telelaguntza bultzatzeko. Horietatik, 5,3 milioi euro urteko partidak dira, Eskubide Sozialetako Departamentuak bideratutakoak; gainera, 2022an Europako funtsen aukeraz baliatu zen, eta ezohiko inbertsio bat onetsi zuen, 9,1 milioi eurokoa, Next Generation Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen funtsetatik zetorrena, zerbitzu hori bultzatzeko eta ezaugarri teknikoak hobetzeko.
Ildo horretan, 2022an ekipoak berritu ziren eta telelaguntza aurreratua abiarazi zen. Azken horren bidez, arreta pertsonalizatua ematen da pertsona bakoitzaren egoeraren eta premien arabera, esku-hartze plan globala egin ondotik, haren bidez identifikatzen baita zer arazo artatzen ahal diren zerbitzu soziosanitarioen bitartez, telelaguntzako zerbitzua barne hartuta.
Kudeaketa-sistema horrek helburu du oinarrizko osasun-laguntzarekiko koordinazioa hobetzea, bai gizarte-zerbitzuei dagokienez, bai osasun-etxeei dagokienez. Halaber, telefono bidezko jarraipena egiten da, haren bidez laguntza emateko, egoera ebaluatzeko eta jarraipena egiteko, aldian behingo deien bidez eta etxez etxeko bisiten bidez, besteak beste. Eskubide Sozialetako Departamentuak zenbait hobekuntza egin zituen 2022an; esaterako, kable bidezko telefono-lineekin ez ezik linea mugikorrekin ere bateragarriak diren ekipoak erosi zituen, Nafarroako toki guztietan instalatzen direla bermatzeko.