Batzordeak gomendio bat argitaratu du, zeinaren bidez eskatzen baitie EBko estatu kideei berrazter ditzatela bertako enpresek EBtik kanpoko herrialdeetan egiten dituzten inbertsioak. Gomendioa garrantzi estrategikoko hiru arlo teknologikotan eta arrisku handienekoetan aplikatzen da, hala nola erdieroaleak, adimen artifiziala eta teknologia kuantikoak. Gomendio horretan, estatu kideei eskatzen zaie halako transakzioetatik segurtasun ekonomikorako eratortzen ahal diren arriskuak azter ditzatela.
Kanporako inbertsioak aztertuta, erabaki ahal izanen da ea beharrezkoa den beste neurririk hartzea —EBn edo estatuan— hautemandako arriskuei aurre egiteko. Batzordearen helburu nagusia da EBk kanpoan egiten dituen inbertsioek ondorio negatiborik ez izatea EBko segurtasun ekonomikoan, teknologiak eta ezagutza teknikoak okerreko eskuetara iristen ez direla bermatuz.
Kanpoan egindako inbertsioei buruzko gomendioa Liburu Zuri batean eta ondorengo kontsulta batean oinarritzen da; izan ere, horien ondorioz baieztatu zen beharrezkoa zela kanpoko inbertsioekin erlazionatuta EBko segurtasunarentzat arriskutsu izan zitezkeen inbertsioak aztertzea. Gomendio hori EBren Segurtasun Ekonomikoko Estrategiaren parte da, atzerritik zuzenean iristen diren inbertsioen kontrolari buruz abian dauden beste lan batzuekin batera.
Estrategiak adierazten duen bezala, EBk segurtasun ekonomikoaren arloan jarduera eraginkorra izan dezan, kontuan hartu behar dira, orobat, hirugarren herrialdeen lankidetza eta haiekiko koordinazioa. Testuinguru horretan, Batzordeak espero du aliatuekin lankidetzan jarraitzea kanpoan egiten diren inbertsioak kontrolatzeko.