16 urtetik 30 urtera bitarteko gazteen proiektuak saritzen dira deialdi horretan, betiere helburu izanik Europan demokrazia defendatzea eta herritartasun aktiboa eta komunitateen arteko batasuna sustatzea.

Gaurtik, urtarrilaren 9tik, hasi eta urtarrilaren 30era arte (23:59 CET) egonen da zabalik Europako Parlamentuaren Gazteen Carlomagno Saria eskuratzeko hautagaitzak aurkezteko epea. Europarlamentuak eta Akisgrango Carlomagno Nazioarteko Saria Fundazioak elkarlanean antolatzen dute saria, eta demokrazia sustatzen duten eta Europan zein munduko gainerako herrialdeetan herritartasun aktiboa eta komunitateen batasuna sustatzen duten gazteek zuzendutako proiektuak saritzen dira.

  1. urtean hasi ziren saria banatzen, eta nortasun europarraren sentimendua indartu nahi duten gazteen eguneroko lana nabarmentzeaz gain, gazteek kontinentearen garapenean duten parte-hartze aktiboa saritzen du.

Honako hauek dira parte hartzeko baldintzak: eskaera egiteko unean 16 urtetik 30 urtera bitarte izatea, Europar Batasuneko Estatu kide batean bizitzea, eta proiektu europar bat izatea, nazioan nahiz nazioartean elkar hobeki ulertzera bideratutako emaitzak eta beste gazte batzuk Europako demokrazian parte hartzera bultzatzeko emaitzak jada izan dituena. Proiektuak indibidualak izaten ahal dira, edo gazte talde baten edo erakunde baten izenean aurkezten ahal dira .

Proiektuen ebaluazioan nazioz gaindiko proiektuei emanen zaie lehentasuna, Batasuneko herrialde bateko baino gehiagotako gazteek parte hartzen badute. Halaber, epaimahaiak kontuan izanen du proiektuak zenbateraino lortu dituen sariaren helburuak, baita ekimen bakoitzaren sormena eta originaltasuna ere. Proiektu bat aurkeztu nahi izanez gero, egin kontsulta hemen nola aurkeztu behar den jakiteko. Gainera, zalantzarik izanez gero, maiz egiten diren galderen esteka honetan argitzen ahal duzue.

Informazio gehiago