Europako Batzordeak teknologia eta gaitasun digitalen eremuko adituen interes adierazpenak jasotzeko deialdia egin du, Europan, 2028-2040 aldian, teknologia eta gaitasun digital kritikoen ikerketa, garapena eta hedapena sustatzeko beharrari buruz abian diren bi azterlanetan parte hartzeko.

Sortzen ari diren teknologia digital kritikoen barne daude erdieroaleak, fotonika, adimen artifiziala, datuak, robotika, kuantika, errendimendu handiko konputazioa, konektibitate aurreratua, hurrengo belaunaldiko Internet, mundu birtualak, hodeia, edge, IoT, komunikazio digital aurreratua, segurtasuna, gobernu teknologia eta elkarreragingarritasuna, besteak beste.

Ildo horretan, Europako Batzordeak bi azterlan eskatu ditu, ezagutza eta ebidentzia gehiago pilatzeko. Alde batetik, “Europar Batasuneko gaitasun digital kritikoen hedapena 2027tik haratago” izeneko azterlanak teknologia eta azpiegitura digitalen aplikazio eta abiaraztean eta lotutako gaitasunen garapenean jartzen du arreta. Bestalde, “FP10erako teknologia digital estrategikoen inguruko funtsezko hausnarketak” azterlanak teknologia digital estrategikoen I+G+B du ardatz nagusi.

Interes adierazpenen deialdiarekin alderdi interesdunen espektro zabala estali nahi da, horren barne direla ikertzaileak, berritzaileak, merkatuko eta industriako adituak, GKEak eta teknologia erabiltzaileak. Guztira, 50-80 adituk osatutako talde bat hautatuko da, hautagaien esperientzia, frogatutako ezagutza, industria eta ikerketa ekosistemaren ulermena eta Europar Batasunak munduan duen lehiarako posizionamenduaren ezagutza kontuan hartuta.

Hautatuko adituek beren ideia eta ezagutzak eskaintzen ahalko dituzte hiru prozesu sekuentzialen bidez. 2025eko otsaila bukaeran, eztabaida talde bat antolatuko da Europar Batasuneko inbertsioetarako garrantzitsuak diren teknologia eta gaitasun estrategiko sortu berrien zerrenda zehazten bukatzeko.

Informazio gehiago