Urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean Elkartze Estrategikoko Akordioa, Europar Batasunaren, eta bere estatuen, eta Japoniaren arteko lehen alde biko esparru-akordioa.
Bitarteko akordio horrek alderdien arteko etorkizuneko lankidetza gidatuko du, eta kooperazio politiko eta ekonomiko estuagoa ziurtatuko du alde biko, eskualdeko zein alde anitzeko zenbait auzitan.
Elkartze Estrategikoko Akordioari esker, Europar Batasuna eta Japonia hobe kokatuta egonen dira Nazio Batuen inguruan egituratzen den arauetan oinarritutako alde anitzeko nazioarteko ordena indartzeko, munduko gobernantza hobetzeko eta balio eta printzipio komunak defendatzeko; besteak beste, zuzenbide estatua, demokrazia, giza eskubideekiko errespetua, merkatu irekiak eta merkataritza aske eta bidezkoa.
Alde biko dimentsioari dagokionez, Akordioak lankidetza hobetuko du segurtasunaren arloan, terrorismoaren eta nazioarteko delinkuentzia modu larrien aurkako borrokan, baita suntsipen handiko armen ugaritzearen aurkako borrokan ere. Era berean, Elkartze Estrategikoko Akordioak zenbait arlotako lankidetza sektoriala sustatuko du, hala nola espazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, politika industriala, energia, garraioa, hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza.
Batzorde misto batek koordinatuko du elkarte globala, Akordioan islatutako gai guztien inguruko eztabaida gunea eskaintzeaz gain. Halaber, ager litezkeen eztabaida posibleak ebazteko prozedura bat ezartzen du Akordioak.