Gazteak sektorera bideratzeko ikastaro hauek 200 orduko iraupena dute, eta INTIAren Gazteentzako Laguntza Plan Estrategikoaren parte dira. Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak itxi du ikasturtea, diplomak emanez eta ikasle-taldea animatuz gure landa-eremuak bizirik manten ditzaten. Kontseilariak adierazi duenez, “belaunaldien arteko erreleboa lehen mailako lehentasuna da Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako eta landa-ingurunea bizirik eta aktibo mantentzeko”. Eta hau gehitu du: “Landa Garapeneko Departamentuak jarraituko du neurriak bultzatzen zuei lanean laguntzeko, lan hori funtsezkoa baita Nafarroako gizarte osoarentzat”.
Ikastaroa egitea baldintza bat da instalatzeko laguntzak jasotzeko. Ikastaroa bukatua izan dezakete laguntza eskatzen den unean, edo beren instalazio-prozesuan zehar egin, laguntza eman ondorengo bi urteetan. Ogibide nagusia nekazaritza izan eta sektorean 2014-2020rako Landa Garapenerako Programaren laguntzarekin instalatu diren gazteak 619 dira (446 gizon eta 173 emakume), eta guztira 23 milioi euro eman zaizkie denbora honetan.
Aipatzekoa da, berritasun gisa, aurten Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hiru laguntza-lerro berri jarri dituela martxan nekazari berrien instalazioa sustatzeko, 3.520.000 euroko aurrekontuarekin. Trebakuntza espezifiko horri esker, ikasleek egiazta dezakete badituztela dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoak diren prestakuntza eta gaitasun profesionala.
INTIAren trebakuntza-programa elkarrekin finantzatzen dute Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak.