Aurtengo edizioan, EBko lan-merkatuaren azken emaitzak eta etorkizuneko erronkak aztertu dira, hazkunde ekonomiko moderatuaren eta abian diren egiturazko aldaketen testuinguruan.

2019az geroztik lan-merkatuak izan duen erresistentziaren atzean zer faktore eta ahulgune dauden ikertzen du. Txostenak orobat aztertzen ditu azkenaldiko soldata-eboluzioa eta 2022-2023ko inflazio handiko aldiaren ondorio iraunkorrak, eta analizatzen du zer tarte dagoen soldata-igoera jasangarri gehiago egiteko.  Azkenik, txostenak aztertzen du nola jarraitu populazio aktiboaren parte-hartzea sustatzen eta adineko helduen enplegua sustatzen.

Hauek dira txostenaren mezu nagusiak:

– Azken urteetan, EBko lan-merkatuak erresistentzia handia erakutsi du, langabezia-tasa historikoki apal batekin eta enpleguaren hazkuntza handiarekin, nahiz eta testuinguru ekonomiko zaila eta tentsio geopolitiko handiak izan.

– EBko biztanleria aktiboaren hazkundea izan da enplegu-hazkundearen eragile nagusia. EBko nazionalitatea ez duten pertsonek, ukrainarrak barne, eta adin handieneko langileek izan zuten eragina, batez ere, 2023ko lan-eskuaren gehikuntzan. Lan-merkatuaren bilakaerak egokitze hobea ekar lezake enplegu-eskatzaileen eta lanpostu hutsen arteko egokitzapenean.

– Hala ere, badira oraindik erronka batzuk lan-merkatuaren eta EBren lehiakortasunaren joera onak higatu litzaketenak, behar bezala heltzen ez bazaie.  Haien artean daude produktibitatearen hazkunde iraunkorki apala, lan-eskuaren eta kualifikazioen eskasia orokorra eta biztanleriaren zahartzea.

– Soldata errealek gora egin dute 2023ko hirugarren hiruhilekoaz geroztik, eta familiei aukera eman diete 2022-2023an izan zuten erosahalmen-jaitsieraren parte bat berreskuratzeko. Gainera, legezko gutxieneko soldaten igoera nabarmenek lagundu zuten inflazio altuak soldata apaleko langileen erosahalmenean duen eragina moteltzen.

– Hala eta guztiz ere, bizi-kostuaren krisiaren ondorio sozialak ez dira eten errenta baxuak eta ertainak dituzten familietan. Azkenaldian gora egin duten arren, aurreikusten da soldata errealek pandemia aurreko mailaren azpitik jarraituko dutela EBn.

– Estatu kide eta sektore batzuetan soldata-igoera gehiago egiteko tarteren bat egon daiteke. Aldi berean, produktibitateak gehiago hazi behar du soldatak denboran zehar jasangarria izanen den modu batean igo ahal izateko. Politiken ardatzak hauek izan behar dute: produktibitatea sustatzea eta langileei laguntzea soldata altuagoak lortzeko beharrezko diren kualifikazioak lortzeko, aldi berean zaurgarrienei lagunduz.

– Nahiz eta azken 15 urteotan franko handitu diren enplegu-tasak, pertsona nagusiek ordezkaritza txikia dute oraindik ere EBko lan-merkatuan. Heldu nagusien artean, inaktibo izateko aukera gehiago dute emakumeek, hezkuntza-maila apalenekoek, EBtik kanpo jaiotakoek eta desgaitasunen bat dutenek.

– Pentsioen erreforma egokiek, aktibazio-politika espezifikoek eta egokitutako beste politika batzuek langile zaharrenen aktibazioa eta enplegua bultza ditzakete. Proiekzioen arabera, jada eginak dauden pentsioen erreformen eraginez batez ere, 55 eta 68 urte bitarteko langileak 8,8 milioi gehiago izanen dira 2030ean.

Txostena eta harekin batera doan liburuxka online eskura daitezke hemen. Paperezko aleak nahi izanez gero, jarri harremanetan helbide honen bitartez: EMPL-F2-UNIT@ec.europa.eu