2024ko azaroaren 27an, Europako Parlamentuaren aurreko hitzaldi batean, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek iragarri zuen deialdi bat egitea erabaki zuela Europako automobilgintza-industriaren etorkizunari buruzko elkarrizketa estrategiko baterako. Elkarrizketa 2025eko urtarrilean hasiko da ofizialki, sektoreak premia-premiazko dituen neurriak lehenbailehen proposatzeko eta aplikatzeko.
Europako automobilgintza industria eta haren hornitzaileak trantsizio sakon eta disruptibo batean sartu diren honetan, Elkarrizketa Estrategikoak zenbait estrategia eta soluzio zehatz diseinatuko ditu Europan automobilgintzaren lehiakortasun globala laguntzeko. Hauek izanen dira ardatz nagusiak:
- datuetan eta digitalizazioan oinarritutako berrikuntza bultzatzea, etorkizuneko teknologiak baliatuz, hala nola adimen artifiziala (AA) eta gidatze autonomoa.
- sektorearen deskarbonizazioa bultzatzea, ikuspegi teknologiko ireki batekin, garrantzia baitu Europako helburu klimatiko anbiziotsuak lortzeko.
- sektoreko enpleguari, kualifikazioei eta beste elementu sozial batzuei heltzea, arau-esparrua sinplifikatuz eta modernizatuz.
- eskaria handitzea, sektoreko finantza-baliabideak eta haien erresistentzia eta balio-katea indartuz gero eta lehiakorragoa den nazioarteko ingurunean.
Elkarrizketa Estrategikoak sektore osoko alderdi interesdun nagusiak bilduko ditu, barne direla Europako automobilgintza-enpresak, azpiegitura-hornitzaileak, sindikatuak eta enpresa-elkarteak, bai eta automobilaren balio-kateko alderdiak eta beste alderdi interesdun batzuk ere.
Bilera horien ondorio gisa, gomendio-multzo bat sortuko da, EBrako estrategia holistiko bat eraikitzen lagunduko duena, sektoreak bere erronkak kudea ditzan eta, beharrezko denean, EBn aplikatzekoa den arau-esparrua egokitu dezan. Gailurreko bilerek, presidentea buru dela, egiten diren aurrerapenak egiaztatuko dituzte eta lanean jarraitzeko behar diren bultzada politikoak emanen dituzte.