Gaur goizean Iruñean egin den Euroeskualdeko Batzorde Exekutiboan, besteak beste, bertako sagarrarekin egindako sagardoaren jatorri-deitura babestu (JDB) bat eratzeko proiektua finantzatuko da, Europako mugaz gaindiko lehenbiziko jatorri-deitura

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo buru dela, Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeko Batzorde Exekutiboa izan da gaur goizean Iruñean, eta bertan onartu da «Euroeskualdeko berrikuntza» 2024 Proiektuen Deialdia. Akitania Berriaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko mugaz gaindiko 7 lankidetza-proiektu finantzatuko dira, 400.040 eurorekin. Osasunaren, fabrikazio aurreratuaren, nekazaritzako elikagaien industriaren, energia berriztagarrien eta sormen- eta kultura-industrien arloetan hiru aldeko partzuergoek aurkeztutako 22 hautagaitzaren artean aukeratu dira proiektuak.

Gainera, Euroeskualdeak bultzatzen dituen hainbat ekintza eta programaz hitz egin da gai-zerrendan, hala nola Nafarroako Merkataritza Ganberak parte hartzen duen “Euroeskualdeko merkataritza” lankidetza estrategikoaz eta Bioosasuneko Jardunaldiez. Gainera, mugaz gaindiko informazio-jardunaldien ondorioak azaldu dira, mugaz gaindiko langileek dituzten arazo nagusien diagnostikoa izateko.

Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeak, Euroeskualdearen Berrikuntzarako mugaz gaindiko proiektuen deialdiaren bidez, hiru lurraldeetako espezializazio adimenduneko sektore estrategiko eta berri komunetako proiektuak eta eragileak babesten ditu. Euroeskualdeko ekonomia lehiakorra eta digitala garatzen laguntzea da helburua, hiru lurraldeen osagarritasunen eta sinergien aprobetxamenduan oinarritutako lankidetza-proiektuak abian jarriz.

2015ean sortu zenetik, “Euroeskualdeko berrikuntza” proiektuen deialdiak 45 ekimeni lagundu die, guztira 2,5 milioi euroko zenbatekoarekin.

Sektore estrategiko hauek barne hartzen ditu: fabrikazio aurreratua, aeronautikoa eta mugikortasun elektrikoa; biozientziak, osasuna eta silver economy; nekazaritzako elikagaien industria eta elikadura osasungarria; energia berriztagarriak; habitat jasangarria, basoa eta zura; eta sormen- eta kultura-industriak eta ikus-entzunezkoen industria.

Informazio gehiago