Garraio-sistema adimendunak (GSA) garraio-sareak ikuskatzeko, ebaluatzeko eta kudeatzeko diseinatuta daude, segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, betiere. Trafikoaren datuak denbora errealean erabiliz, GSA teknologiak ordezko ibilbideak iradoki ditzake auto-ilarak saihesteko, larrialdietako taldeentzako tokiak adierazteko, abiadura-mugak egoera meteorologikoaren arabera eguneratzeko, etab.

Europar Batasunean, GSA bateratu eta sinkronizatuek funtsezko papera dute mugaz gaindiko zirkulazioa eta garraioa hobetzeari dagokionez. CEF Transport programaren bidez 32 milioi eurotik gorako finantzaketa jaso ondotik, trafikoaren kudeaketa hobetzen eta Europako Ekialdean lankidetza sustatzen laguntzen ari dira GSA sistemak .

X4ITS proiektuak elkartu ditu agintaritza publikoak, hiriak, garraio publikoko operadoreak, trenbide-hornitzaileak, errepideko administrazioak eta Erdialdeko eta Ekialdeko Europako trafikoari buruzko informazio-zerbitzuen hornitzaileak. Proiektuaren helburua da garraioaren Europa barneko sareko (RTE-T) erdiko eta ekialdeko korridoreetan konektatutako GSA errepide-sare bat garatzea.

Korridore guztietan barrena datuak partekatuz, bazkideek kalitate handiko informazio-zerbitzuak emanen dizkiete denbora errealean azken erabiltzaileei. Lankidetza honi esker, mugaz gaindiko trafikoa eta garraioa hobetuko dira GSA bateratuen eta C-ITS zerbitzuen bidez; sistema horiek datuak haririk gabeko teknologien bidez eraginkortasunez trukatzeko aukera ematen dute. Modu horretan, ibilgailuak elkarren artean, bide-azpiegiturarekin eta errepideko beste erabiltzaile batzuekin komunika daitezke.

Informazio gehiago