Migratzaileen legez kontrako trafikoa prebenitzearen eta haren kontra borrokatzearen gaineko EBren lege bati buruzko jarrera adostu du Kontseiluak. Proposamenaren helburua da estatu kideetako zuzenbide penala gerturatzea, besteak beste, migratzaileen legez kontrako trafikoa definitzeari eta zigortzeari dagokienez. Gaur adostutako jarrera oinarri gisa erabiliko da Europako Parlamentuarekiko hurrengo negoziazioetan.

Migratzaileen legez kontrako trafikoaren aurkako borroka EBren lehentasunetako bat da, eta funtsezko elementua da migrazio bidegabeari aurre egiteko.

Adostutako testuaren arabera, estatu kideek bermatu behar dute beren legedia nazionalean delitutzat sailkatzea hirugarren herrialde bateko nazionalitatea duen norbaiti Europar Batasuneko estatu kideetako edozeinetan sartzen, igarotzen edo gelditzen laguntzea irabazi finantzario edo material baten truke.

Zigorrez ari garela, EBko herrialdeek neurriak hartu behar dituzte, migratzaileen legez kontrako trafikoa hiru urteko gehieneko kartzela-zigorrarekin zigortu dadin, gutxienez. Gehieneko zigorrak gutxienez zortzi urtera zabaldu beharko dira baldin eta trafikatzaileek erakunde kriminal baten parte gisa badihardute edo migratzaileen aurka indarkeria astuna erabiltzen badute. Delituan migratzaile bat hiltzen bada, gehieneko kartzela-zigorrak gutxienez hamar urtekoa izan behar du. Gehieneko zigor luzeagoak ezartzea adosten ahalko dute estatu kideek.

2023an, gutxi gorabehera legez kontrako 380.000 zeharkatze detektatu ziren EBko kanpo-mugetan. Europolek kalkulatzen duenez, EBra iristen diren legez kontrako migratzaileen % 90ek baino gehiagok trafikatzaileen zerbitzuak baliatzen dituzte.

Migratzaileen legez kontrako trafikoa delitu-jarduera oso errentagarria da. NBEren datuen arabera, trafikatzaile-sareek urtean 4.700-6.000 milioi dolarreko irabaziak dituzte.

Informazio gehiago