Europako Batzordeak eguneratu egin du EBko Aire Segurtasuneko Zerrenda (nazioarteko segurtasun-arauak ez betetzeagatik Europar Batasunean ustiapen-debekua edo eragiketa-murrizketak dituzten hegazkin-konpainien zerrenda). Europarren eta gainerako bidaiarien aire-segurtasuneko mailarik handiena bermatzea da Batzordearen aire-segurtasuneko politikaren ardatza.

 

Gaurko eguneratzearen ondotik, Air Tanzania zerrendan sartu da. Europar Batasuneko Aire Segurtasuneko Agentziak (AESA) detektatutako segurtasun-arazoetan oinarritzen da erabakia. Arazo horiek eragin dute, halaber, hirugarren herrialde operatzailearen (HHO) baimenik ez ematea Air Tanzaniari.

Tzitzikostas komisarioak gogo onez hartu zuen AESAren 2024ko azaroaren 29ko erabaki positiboa, Pakistan International Airlines (PIA) konpainiari hirugarren herrialde operatzailearen galarazpena kentzekoa. 2020an HHOren baimena eten zenetik, PIAk eta Pakistango Abiazio Zibileko Agintaritzak (PCAA) aurrerapen esanguratsuak egin dituzte segurtasun-errendimendua eta ikuskatzeko ahalmenak hobetzeari dagokionez. PIAk baimena du orain berriro EBn aritzeko. Gainera, Airblue Limited konpainiak ere (Pakistango beste aire-linea bat) AESAren HHO baimena jaso du.

Gaurko eguneratzearen ondotik, guztira 129 aire-konpainiak dute EBko zeruetan ibiltzeko debekua:

  • 15 estatutan ziurtatutako 100 aire-konpainiak, estatu horietako abiazio-agintaritzek segurtasuna modu desegokian ikuskatzeagatik;
  • Errusian ziurtatutako 22 aire-konpainiak eta beste estatu batzuetako 7 aire-konpainia indibidualek, detektatutako segurtasun-gabezia larrien ondorioz: Air Tanzania (Tanzania), Air Zimbabwe (Zimbabwe), Avior Airlines (Venezuela), Blue Wing Airlines (Surinam), Iran Aseman Airlines (Iran), Fly Baghdad (Irak) eta Iraqi Airways (Irak).
  • Beste bi konpainiak eragiketa-mugak dituzte, eta hegazkin-mota batzuekin baino ezin dute hegan egin Europan: Iran Air (Iran) eta Air Koryo (Ipar Korea).

Informazio gehiago