Batzordeak prozedura formala hasi du TikToken aurka, ustez Zerbitzu Digitalen Legea (ZDL) urratzeagatik, TikTok-ek hauteskundeen integritateari lotutako arrisku sistemikoak ebaluatzeko eta behar bezala arintzeko duen betebeharrari dagokionez, bereziki azaroaren 24an Errumanian presidentea hautatzeko egindako hauteskundeen testuinguruan.
Hauteskundeetarako eta diskurtso zibikorako arriskuen kudeaketan zentratuko dira lanak, eremu hauetan, betiere:
- TikTok-en gomendatze-sistemak; bereziki, manipulazio-ez-autentikoari eta zerbitzuaren ustiapen automatizatuari lotutako arriskuak.
- Iragarki politikoei eta ordainpeko eduki politikoei buruzko TikTok-en politikak.
Bi elementu horietaz ari garela, Batzordeak susmo hau ikertuko du, besteak beste: TikTok-ek arindu dituen eskualde- eta hizkuntza-alderdi espezifiko batzuek planteatutako arriskuak hauteskunde nazionaletan.
Batzordearen susmoak egiazkoak direla frogatzen bada, urritasun horiek ZDLren 34.1, 34.2 eta 35.1 artikuluak urratuko dituzte. Batzordeak lehentasunezko ikerketa sakon bat eginen du orain. Prozedura formal bat hasteak ez du emaitza aurretik juzgatzen.
Errumaniako agintaritzek desklasifikatutako inteligentzia-txostenetatik jasotako informazioa eta hirugarrenen txostenak izan dira kontuan ikerketa bat hastea erabakitzeko garaian. Ikerketan kontuan hartuko dira, halaber, TikTok-ek 2023an eta 2024an aurkeztutako arrisku-ebaluazioen txostenak, Batzordearen informazio-eskaerei emandako erantzunak eta TikTok-ek emandako barne-dokumentuak.
Coimisiún na Meán erakundeak (Irlandako Zerbitzu Digitalen koordinatzailea) bat egin du Batzordearen ikerketarekin, eta bere esperientzia eta azterketa ekarriko dizkio kasuari. EBn, TikTok Irlandan kokatzen da.