Haurren aurkako sexu-abusuari eta haurren sexu-esplotazioari buruzko EBren arau penalak eguneratzeko proposamenaren gaineko jarrera adostu du Kontseiluak. Berrikusitako arauek delituen definizioa zabaldu dute, adingabeen aurkako sexu-abusu eta sexu-esplotazio modu guztiak tipifika daitezen bermatzeko, barne direla onlineko tresna berriek ahalbidetzen eta errazten dituztenak. Bestalde, zigor zorrotzagoak jasotzen dituzte eta prebentziorako eta biktimei laguntzeko eskakizun espezifikoagoak dituzte.
Haurren aurkako sexu-abusu eta -esplotazio mota guztiak delitu gisa tipifikatzen direla bermatzeko, delitu horien definizioa eguneratzea erabaki zuten estatu kideek. Arau berriekin, adingabeen aurkako sexu-abusuak zuzenean ematearen delitua tipifikatzeko, ikertzeko eta jazartzeko betebeharra dute estatu kideek. Azken urteetan gora egin du adingabeen aurkako sexu-abusuen zuzeneko emankizunetarako irispidea izateko ordaindutako diruak.
Direktiba eguneratuak bermatzen du, halaber, adingabeen aurkako sexu-abusuen materialaren irudi errealistak delituaren definizioan sartzea. Horri esker, erantzun hobea emanen zaie abusu-material faltsutuei eta adimen artifizial bidez sortuei, gero eta ugariagoak baitira.
Gainera, adingabeei sexu-abusuak eta sexu-esplotazioa nola egin eta adingabeak sexu-abusuetarako nola atzitu azaltzeko jarraibideak ematearen delitua jaso du. Zigorgarria izanen da, adibidez, beste batzuei haur bati sexu-abusuak egiten lagunduko dien eskuliburu bat (dela liburuxka bat, liburu bat edo onlineko gida bat) banatzen eta egiten duen pertsona.