Europako Batzordeak aldaketa espezifikoak proposatu ditu Nekazaritzako produktuen merkatuen erakunde komun bat (OCM) sortzen duen erregelamenduaren esparru juridikoan, bai eta merkataritzako jokabide desleialen aurkako arauak mugaz gaindi aplikatzeari buruzko erregelamendu berri bat ere. Proposamen horiek xedetzat dute nekazarien posizioa indartzea eta konfiantza berrezartzea nekazaritzako elikagaien hornidura katearen eragileen artean. Proposamen biek zuzenean islatzen dituzte EBko nekazaritzaren etorkizunari buruzko elkarrizketa estrategikoaren zenbait gomendio, eta nekazaritzaren sektoreak aurrean dituen erronkarik presazkoenetako batzuei erantzuten diete.
Nekazariek nekazaritzako elikagaien hornidura katean duten posizioa hobetzea eta haien diru sarrerak babestea nekazaritzako politika komunaren (PAC) helburu garrantzitsuak dira. Gaurko zuzenketa espezifikoek berariazko helburutzat dute nekazariek nekazaritzako elikagaien hornidura katean duten posizioa indartzea eta konfiantza maila handiagoa lortzea eragileen artean, eta horretarako honako hau egin nahi da:
- nekazarien eta erosleen arteko kontratuetarako arauak hobetzea, idatzizko kontratuak egitera derrigortzea eta epe luzerako kontratuek merkatuaren bilakaera eta kostuen eta baldintza ekonomikoen gorabeherak kontuan hartzeko duten modua hobetzea;
- nekazarien eta erosleen artean bitartekaritza mekanismoak ezartzera derrigortzea;
- ekoizleen erakundeak eta elkarteak sustatzea, haien negoziazio ahalmena handituz, estatu kideei baimena emanez laguntza finantzario gehiago eman ditzaten PACaren esku hartze sektorialen esparruan, eta errekonozimendu juridikoaren inguruko arauak sinplifikatuz;
- aukera ematea EBk laguntza finantzarioa eman diezaien krisiak kudeatzeko ekimen pribatuak egiten dituzten ekoizleen erakundeei;
- definitzea noiz erabiltzen ahal diren aukerako terminoak, hala nola “bidezkoa”, “ekitatiboa” eta “hornidura kate laburrak”, nekazaritzako produktuak merkaturatzean hornidura katea deskribatzeko;
- aukera zabaltzea ekoizleek eta beste eragile batzuek neurri sozial jakin bateko jasangarritasuneko ekimenak adostu ditzaten, hala nola belaunaldi berriei laguntzea, ustiategi txikien bideragarritasunari eustea eta nekazarien nahiz nekazaritzako langileen lan baldintzak hobetzea.