Nekazaritzako elikagaien 11 enpresa-proiektuk bukatu dute AGROFOODTech azeleragailua. Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak sustatzen du azeleragailua, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa (CEIN) sozietate publikoaren bidez, sektorean ekimen berritzaileak sortzen laguntzeko.

Aurten hirugarren edizioa bete du AGROFOODTech azeleragailuak, eta lehenbiziko faseari ekin zion joan den maiatzean, 19 proiekturekin. Haiekin, negozio-eredua definitzen eta proposatutako produktu edo zerbitzuaren prototipazioan lan egin zen. 11 ekimen hautatu ziren hurrengo faseari ekiteko, beren egingarritasun operatiboagatik eta garapen-potentzialagatik. Fase horrek Gutxieneko Produktu Bideragarria garatzea eta hura benetako agertokietan baliozkotzea izan zuen ardatz. Ondotik, azelerazio intentsiboko programari ekin zitzaion. Horretan, desberdintze- eta hazkunde-estrategiak eta finantzaketa jorratu ziren, besteak beste, enpresa-proiektua merkatura arrakasta-berme handienekin eramate aldera.

Jardunaldian, proiektuak aurkeztu aurretik, nekazaritzako elikagaien ekosistemako eragileen arteko bilkura bat ere egin da. Bilkuran, Europako AGROFOOD ScaleUp proiektuaren emaitzak aurkeztu dira, zeina Europako Food_scalEUp proiektuaren barruan baita.

Horretaz gain, IRIS proiektuaren esparruan, dinamika bat antolatu da sektoreko startup-ak eskalatzen laguntzeko, Nafarroako agrofoodtech arloko eskalatze industrialaren erronka teknologikoak, aukerak eta estrategiak ezagutzeko. Ekintzaileen, adituen eta sektoreko funtsezko eragileen arteko elkarlanaren bitartez, aurrez aurre dituzten erronka teknologikoak, oztopoak, aukerak eta estrategiak identifikatu dira, startup/scalup-ak industria-mailara eskalatzea errazteko. Hona hemen parte-hartzaileak: NTA, FATE, ATANA, CENER, SODENA, CAVIAR PIRINEA, BIOOINSECTIS, INGREDALIA, MOA, BIOEDER eta TUTTI FOOD.

Informazio gehiago