COP29 Nazio Batuek Klima Aldaketari buruz Konferentzian (Baku), Europako Batzordeak eta EBko estatu kideek arrakastaz negoziatu zuten erabaki bat munduko finantza-fluxuak Parisko Akordioaren helburuekin lerrokatzeko. Klima-aldaketaren aurkako borroka finantzatzeko Helburu Kolektibo Kuantifikatu (CQT) berri bat ezartzeari esker, klima-aldaketaren kontrako borroka finantzatzeko kontribuzio-emaileen oinarria handitzea erdietsi du EBk. Alderdiek adostu zuten gutxienez urteko 1.300 milioi dolarrekoa izan beharko lukeela iturri horien guztien finantzaketa konbinatuak 2035erako.

Helburu zabalago horren barruan, herrialde garatuek konpromisoa hartu dute 300.000 milioi dolarren mobilizazioa lideratzeko hemendik 2035era bitartean, garapen-bidean dauden herrialdeetako klima-ekintzetarako. Funtsezko helburu hori hainbat iturritatik lortzen ahal da, banku multilateralek mobilizatutako finantzaketa barne, bai eta, lehenbiziko aldiz, beste herrialde batzuen ekarpenak ere. EBren funtsezko baldintza zen hori, beste herrialde batzuek beren finantza-ahalmenaren arabera bidezkoa den finantzaketa-zatia emanen dutela bermatzeko.

EBko talde negoziatzaileak ere arrakastaz zehaztu ditu Parisko Akordioaren 6. artikuluaren arabera nazioarteko karbono-merkatuen kontu-ematea, gardentasuna eta ingurumen-osotasuna indartuko dituzten arauak. 6.4 artikuluan aurreikusitako akreditazio-mekanismoak Nazio Batuek babestutako arau berri bat ezarriko du kalitate handiko karbono-konpentsazioetarako, eta nazioarteko transferentziak erregistratzeko eta haien jarraipena egiteko arau berriek gardentasuna ekarriko diete aldeen arteko karbonoaren alde biko erabakiei. Horri esker, emisioak modu errentagarrian murrizten eta ezabatzen ahalko dira.

Informazio gehiago