EBren 2020-2025 aldirako Genero Berdintasunerako Estrategian ezartzen denez, Europar Batasunak konpromisoa du genero-indarkeria prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko. Europar Batasunak 2024ko maiatzean onetsi zuen Emakumeen kontrako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren aurkako borrokari buruzko Zuzentaraua. Zuzentarau horren helburua da esparru integral bat sortzea emakumeen kontrako indarkeria eta etxeko indarkeria modu eraginkorrean prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko Europar Batasun guztian. Hartan, zenbait delituren definizioak zehaztu ziren (ziberindarkeria, emakumeen genitalen mutilazioa eta ezkontza behartua), biktimen babesa eta laguntza indartu zen, justiziarako sarbidea erraztu zitzaien, eta prebentzioa, datu-bilketa, koordinazioa eta lankidetza hobetu ziren.

Batzordea 2023ko urrian atxiki zitzaion Emakumeen kontrako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmenari (Istanbulgo Hitzarmena). Irismen handieneko nazioarteko tresna juridikoa da, eta betebehar lotesleak ezartzen ditu emakumeen eta nesken kontrako indarkeria prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko. Aldi berean, Batzordeak dagoeneko gauzatu ditu biktimen eskubideei buruzko EBren lehen estrategiaren (2020-2025) esparruko ekintza gehienak. Estrategiaren helburua da EBko biktima guztiek beren eskubideak osoki baliatu ahal izatea zaintzea, EBko zuzenbidearen arabera. 2023ko uztailean, Batzordeak zuzentarau-proposamen bat onetsi zuen biktimen eskubideei buruzko 2012ko zuzentaraua aldatzeko, delituen biktima guztien eskubideak indartzeko Europar Batasun guztian.

Halaber, Batzordeak Flash Eurobarometro bat argitaratu du emakumeen kontrako indarkeriaren gainean dauden genero-esterotipoei buruz. EB guztian, inkestatuen % 92k uste dute onartezina dela gizon batek noizean behin bere emazte edo bikotekideari zaplazteko bat ematea. Inkestatuen % 82k uste dute onartezina dela, halaber, gizonek emakumeei modu lizunean begiratzea edo txistu egitea. % 73 ez daude ados emakumeek abusu- edo bortxaketa-salaketak asmatu edo puzten dituztela dioen baieztapenarekin.

Azaroaren 25ean, EBko genero-indarkeriari buruzko inkesta bateratu baten ondorioak aurkeztu zituzten Eurostatek, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) eta Genero Berdintasunaren Europako Institutuak (EIGE). Genero-indarkeriari buruzko inkestari buruz gehiago jakiteko, klik egin esteka honetan azaroaren 25eko (astelehena) 11:00etatik aurrera (Europa erdialdeko ordua).

Batzordeak finantzaketa eman die zenbait erakunderi, genero-indarkeriaren kontra borrokatzeko proiektuak egin ditzaten, Herritarrak, Berdintasuna, Eskubideak eta Balioak programaren kargura. 2025ean 23 milioi euro bideratuko dira nazioz gaindiko jarduerak laguntzeko, DAPHNE kapituluaren kargura. Jarduera horien bidez landu eta prebenitu nahi dira haurren kontrako indarkeria eta etxeko eta harreman estuetako genero-indarkeria, eta genero-indarkeria jasan dutenei babesa eta laguntza emateko neurriak bultzatu nahi dira, baita haurrak babesteko sistemak ere.

Informazio gehiago