Europako Batzordeak argitara eman du Batzordearen zerbitzuen lan-dokumentu bat («SWD»), eta hartan laburbiltzen dira bi arau hauei buruz egindako ebaluazioaren emaitzak: Teknologia transferitzeko akordioak kategorien arabera salbuesteko Erregelamendua («RECATT») eta Teknologia transferitzeko akordioei Tratatuaren 101. artikulua aplikatzeari buruzko Gidalerro osagarriak («Gidalerroak»).
Ebaluazioak helburu zuen RECATTaren eta Gidalerro osagarrien funtzionamenduari buruzko frogak biltzea, Batzordeak erabaki zezan arau horien indarraldia amaitzen utzi behar zuen, indarraldia luzatu behar zuen edo arauak berrikusi behar zituen. Ebaluazioaren emaitzak ikusita, Batzordeak inpaktuaren ebaluazio bat abiaraziko du orain, aztertzeko zer aukera politiko dauden arauak berrikusteko.
Batzordea 2022ko azaroan hasi zen RECATTa berrikusten (2026ko apirilaren 30ean amaituko da haren indarraldia), baita harekin batera doazen Gidalerroak ere. Ebaluazioan, Batzordeak zenbait froga bildu zituen, ulertzeko nola funtzionatu duten arauek 2014an onetsi zirenetik. Besteak beste, jendaurreko kontsulta baten emaitzak eta interesdunekin egindako tailer baten emaitzak aztertu dira. Batzordeak, halaber, kanpoko azterlan bat egiteko eskatu zuen, ebaluazioan lagungarri izan zedin. Azterlan horren azken txostena eta interesdunekin egindako tailerraren laburpena ere gaur argitaratu dira.