Europako Batzordeak karbonoaren merkatuari buruzko txostena egin du; bertan aztertu eta aurkezten du Isurtzeko eskubideen merkataritzari buruzko Batasuneko araubidearen (RCCDE) funtzionamendua 2023an eta 2024ko lehen seihilekoan.
2023an, RCCDEren ezaugarrietako bat izan zen instalazio finkoetako isurketak inoiz baino gehiago murriztu zirela, % 16,5 hain zuzen, sektore elektrikoak bultzatuta. Elektrizitate berriztagarriaren ekoizpena nabarmen areagotu zen (batez ere haize- eta eguzki-energia) eta berriz hasi zen ikatzaren ordez gasa erabiltzen elektrizitatea sortzeko orduan. Bilakaera horrekin, instalazioetako RCCDEren isurketak 2005ekoak baino % 47,6 txikiagoak dira orain, eta bide onean daude, 2030erako % 62ko murrizketa lortzeko. Bestalde, Europa barneko hegazkin bidezko garraioaren arloan, 2022ko isurketekin alderatuta, 2023koak % 10 gehiago izan dira. Horrek adierazten du sektore horren jarduera-maila handitu dela.
Karbonoaren prezioak egonkortu eta finkatu dira eta, horren ondorioz, 2023an murriztu egin dira isurketak RCCDEn. Merkatuaren Egonkortasun Erreserbak jarraitu du isurketa-eskubideen soberakinak kentzen eta isurketa-eskubideak baliogabetzen erreserbaren izakinetan. Balioen eta Merkatuen Europako Agintaritzaren (AEVM) azken ebaluazioaren arabera, 2023an EBko karbonoaren merkatua egonkor aritu zen, merkatuaren oinarriekin bat. AEVMren ustez, aplikatu ziren hark karbonoaren merkatuaren gardentasuna handitzeko 2022an emandako gomendio gehienak. Isurketen joera horrek berresten du RCCDE eraginkorra eta efizientea dela Europako ekonomia deskarbonizatzeko orduan, pizgarri politiko nagusienetakoa baita.