2023ko baso suteak bi hamarkadatan baino gehiagotan Europar Batasunean gertatu diren kaltegarrienak izan dira, klima-aldaketak elikatuta. Suteek oso eremu handiak suntsitu zituzten eta ekosistemak eta pertsonak arriskuan jarri zituzten. Suteak gertatzeko arriskua gero eta handiagoa denez, Europak prebentzio lanak egin behar ditu, baso suteen garaiak bortitzagoak izanen baitira.

Europako, Ekialde Ertaineko eta Afrika Iparraldeko baso suteei buruzko IZEren 2023ko txostenak erakusten du joan den urtea izan zela urte txarrenetako bat 2000az geroztik, EMEAn (Europa, Ekialde Hurbila eta Afrika) izan diren baso suteei dagokienez. Baso suteek lur naturalen 500.000 hektareari baino gehiagori eragin zieten, Zipreko irlak duen hedaduraren erdia, gutxi gorabehera.

Azken urteotan hondamenezko baso suteak ohikoak izan dira Europar Batasunean eta ondoko herrialdeetan. Eta 2023. urtea ez zen salbuespena izan; izan ere, eskualde horretan sute itzelak egon ziren, suteak itzaltzeko erabili ohi diren tradiziozko baliabideekin kontrolatu ezinak. Sute horietako bat Alexandroupoli hiritik hurbil gertatu zen, Greziako Ekialdeko Mazedonia eta Trazia eskualdean. Europar Batasunean erregistratu den baso suterik handiena da Baso Suteei buruzko Europako informazio-sistema 2000. urtean erregistratzen hasi zenetik.

Halaber, urte hori kritikoa izan zen pertsona anitz hil zirelako eta suteek ondasunei kalte handiak eragin zizkielako: gutxienez baso suteen ondoriozko 41 hildako erregistratu ziren.

Uda bukatuta, jada ebaluatu daiteke aurretiaz zer-nolakoa izan den baso suteen 2024ko denboraldia EBn. Irailaren erdialdera arte, Europar Batasunean suteek erretako azalera azken bi hamarkaden batez bestekoa baino txikiagoa da. Datu horren arrazoi nagusia euriak dira, udaberrian eta udan zehar Europar Batasuneko lurraldearen zati handi batean tarteka izandakoak.

Irailean, berriz, aldi berean zenbait baso sute piztu ziren Portugalen. Horren ondorioz, 2024an baso suteek eragindako kalteek EBko azken hamarkaden batezbestekoa gainditu zuten.  Dena den, 2024. urtea ez da larrienetako bat; izan ere, hiru urtez jarraian sute suntsitzaileak izan ondoren, kalteak murriztu egin dira azken urtean.

Europako Batzordea eta EBko estatuak hobetzen ari dira suteak prebenitzeko eta horien aurka borroka egiteko duten gaitasuna, eta izan liteke horren ondorioz murriztu izana EBn aurten izandako kalteak.

Informazio gehiago