Nafarroak klimaren eta energia jasangarriaren aldeko ekintza-planetan (PACES) gauzaturiko 7 udal-jarduera aurkeztu ditu, honako hauek, besteak beste: tokiko kontsumorako energia hidraulikoa eta eguzki-energia sortzea Uharte Arakilen, tokiko produktua merkaturatzeko zirkuitu laburren sare bat abiaraztea Zangozako Merindadean eta klima-babesleku bat sortzea Arbontzen (Erromantzatua).
Klimaren aldeko Alkateen 2024ko Jardunaldian ezagutarazi dira, ostegunean egin baitzen, Tafallan, Nafarroako 41 udaletako ordezkariek parte hartu zutelarik bertan. Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsa-Lursareak antolatu dute topaketa, Europako LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren esparruan, eta haren helburua izan da toki-entitateek beren aurrerapenak, konponbideak eta esperientziak partekatzea, baita tokiko ekintza klimatikoa sare-lanaren bidez indartzea ere.
Jardunaldian hainbat erakundek ere parte hartu dute, hala nola Alkateen Itunaren Europako Bulegoak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoak, Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sareak (NELS Sarea), Cederna-Garalurrek, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI), baita ekimenari atxikitako udal eta kontzejuetako ordezkariek eta NASUVINSAko Lursarea unitate teknikoak ere, zeinak LIFE Nadaptaren ekintza horren lan teknikoak egiten baititu Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarendako.