Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak bukaera eman dio gaur Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroak (CEIN) antolatutako CEIN Startup Day ekitaldiari, Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregian eta Nafarroako Auditorioan.

Ekitaldia enpresa sortuberrien inbertsioan zentratu da, eta harremanetan jarri ditu startupak, erakunde inbertitzaileak eta finantzarioak, korporazio handiak, ekintzaileak eta erakunde publiko eta pribatuak, ekintzailetzaren ekosistema nazionala eta eskualdekoa sustatzeko. 300 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte topagunean.

Irujo kontseilariak nabarmendu duenez, “ekintzailetzak oso sasoi onean dago Nafarroan. Ekosistema eraginkorra eta integratua sortu dugu, zeinean eragile guztiek laguntzen baitute enpresa berriak sortzen eta haiek bultzatzen”.

Bestalde, aitortu duenez, “CEIN Startup Day foro bikaina izan da konexiorako eta sinergiak ezartzeko startup berritzaileen eta proiektuen, inbertsio-erakundeen eta korporazio handien artean. Funtsezko topagunea izan da startupei inbertsio-erakundeekin harremanetan jartzen laguntzeko”.

Hasierako ekitaldian Uxue Itoiz CEINeko zuzendari kudeatzaileak azpimarratu duenez, “CEIN Startup Day honetan, gure helburua da startupen eta ekintzailetza berritzailearen ekosistema hau indartzen jarraitzea; gainera, funtsezko alderdietako bat nabarmenduko dugu: finantzaketa; izan ere, funtsezkoa da startupen etapa guztietan”.

Testuinguru horretan, ekitaldian, osasun-sektoreetako, ITen inguruko, nekazaritzako elikagaien teknologiaren alorreko eta jasangarritasunaren gaineko 29 startup eta proiektu sortuberrik beren proiektuak aurkeztu dituzte inbertsio-funts espezializatuen eta inbertsio-baliabideak dituzten korporazio handien aurrean. Gainera, aldez aurretik hitzartuta, banakako 150 topaketatik gora egin dira startupetako arduradunen eta inbertsio-erakundeen eta korporazioen artean.

Bestalde, mahai-inguruak egin dira, zenbait alderdi sakontzeko (adibidez, startupetan inbertitzearen etorkizuna eta korporazio handiek enpresa sortuberriak garatzeko eta zabaltzeko dituzten programak). Halaber, zientzian eta teknologian inbertitzeko tresnez eta eraldaketa digitalerako estrategiaz ere aritu dira.

Enpresa aintzatetsiak

CEIN programetan parte hartu duten enpresak aintzatetsi dira CEIN Startup Day ekitaldian.

Hala, TOP101 Spain Up Nation sarietan inpaktu sozial eta/edo ingurumen-inpaktu handieneko enpresa gisa izendatutako Nafarroako sei startupek aintzatespena jaso dute Garbiñe Basterra Energia, Enpresako I+G eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiaren eskutik. Hauek dira enpresak: Genbioma, Ingredalia, Medical Plasmas, MOA Foodtech, Nucaps eta Uraphex. Hain zuzen, Uraphex hautatu zuten inpaktu handieneko Nafarroako enpresa gisa, eta Spain Up Nation markaren enbaxadore bilakatu da.

Ruta 31 Nafarroako negozio-ideien azeleratzaileari dagokionez (Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatua), 1.500 euroko aintzatespen bana jaso dute aurten abiarazitako eta programako pauso guztiak bete dituzten bi enpresak; zenbateko horiek Caja Rural de Navarrak eman ditu.

Informazio gehiago